Nondik-nora datorkizu zuri zaletasun hori?.- Egia esateko, umetatik. Hasieran zaletasun berezia denez, besteen aurrean izkutatu egiten nuen. Baina, berez zaletasun hau zen eta da gehien gustatzen zaidana. Umetan, telebistan albiste saio osoa ikusten nuen eguraldiaren iragarpena ikustearren.
Gure aurrekoek, aitita-amumak eta ingurukoek aintzinako kontuak-eta kontatzen zituzten eta adi-adi entzuten nituen. Ipuinen antzekoak izaten ziren, pasadizuak, elurte kontuak, haizetearen gainean, eta hori gustukoa nuen. Ingurua ezagutu ahala kontu horiek eta txutxumutxu horiekin batera eguraldiaren gaineko zaletasuna piztu zitzaidan.
Erabiltzen dituzun baliabideak, zeintzuk dira?.- Gaur egun Interneta oso fidagarria da, modeloak eta ikus daitezke, baina norberak ere zerura begira adi jarriz gero egun batetik besteko zantzuak aurki ditzake. Gero animalien mugimenduek eta txorien hegaldiek ere informazioa ematen digute. Inguruari adi egonez gero nondik norakoak jakin genitzake.
Jakin izan dugu ilargiak baduela bere eragina ortuari eta bestelakoetan, eguraldiaren gainean, ba ote dauka?.- Antzinako sinismenenetan baserritarrek-eta beti ilargiari erreparatzen zioten euren zereginak betetzeko. Gaur egun, zientzia ez dator bat sinesmen horiekin, baina sarritan eguraldiaren aldaketa eta ilargi aldaketak bat egiten zuten. Kasualitatea ote?
Joseba, zapaturako irteera antolatuta daukagu, esaguzu nolako eguraldia izango dugun asteburuan.- Ostirala egun polita izango dugu, goizean goiz Busturialdean erreka-laino batzuk izan genitzake, baina oskarbi harrapatzen duen lekuan garoa izango dugu. Eguerdirako 16-17 gradu izango ditugu Gernikaldean eta goietan (Nabarniz, Errigoiti) bota gradu bi gutxiago.
Zapatuan laino gehiagorekin esnatuko gara, beraz, garo gutxiago izango da eta tenperaturak goizean epeltxuagoak izango dira. Goiza aurrera joan ahala gernikarrok kostalderantz begiratuz gero lainoak sartzen dagozela ikusiko dugu. Baina ateri eutsiko dio arratsaldera arte.
Arratsalde-iluntzean, bostetatik aurrera lehenengo tantak ikusiko ditugu, zipristin batzuk baina gauean zehar prezipitazio horiek areagotuz joango dira. Beraz, gautxoriek badakizue txubaskeroa atera.
Datorren asterako, martxoarekin batera negua dator. Elur kontuak gertu izango ditugu. Baietz elur matasak ikusi inguruan!