Kaixo berbalagunok! Hemen gatoz berriro ere, hilean behin egiten ditugun eguraldi iragarpenak egitera. Badakizue larunbat honetan mendi irteera daukagula, Gernikatik hasi eta Gernikan bukatuko duguna. Buelta zirkularra inguruko bazterrak ondo ezagutzeko. Errigoitiko Metxika eta Zallobante auzoak ezagutuko ditugu. Bide batez, Maiaga tontortxoa ere zapalduko dugu bere 403 metro eskasekin eta bertatik jaitsiko gara Gernikara.
Portatuko zaigu eguraldia oraingoan?
Ez dakar amorru handirik, nahiko eguraldi goibela izango dugu. Hego haizea izango da hizpide, tarteka indar handiz ibiliko baita. Zerua lainotuta egongo da eta baliteke tantaren bat edo beste botatzea, euri epela, beti ere hego haizearekin datorrenez ezin gauza handirik bota, oro har, aterri izango dugu egun gehiena. Tenperaturak, herriko haizea dela eta, gotik ibiliko dira 18- 20 graduren mugan Gernikan, goietan haizearen ondorioz hotz sentsazioa areagotuko da, baina hotz handi barik.
Igandean ere nahiko eguraldi motela espero dugu, haizeak garrantzi gutxiago izango du, baina beti ere hego haizea nagusi dela. Ez dugu izango frenterik gainean, baina aldaketa zantzuak nabaritzen hasiko gara, datorren astean negu kontuak izango baititugu. Igandean zaparradazka txikiak izan genitzake baina litrotan ez dugu gauza handirik nabarituko. Egun osoan izango dugu arriskua, baina ez da izango eguraldi euritsurik. Tenperaturek behera egin dezakete zerbait, hala ere ez dugu hotzik sentituko.
Datorren asterako negu kontuak aipatu beharko ditugu, trumoi hotsak, txingor zaparradak eta goietan elurra izango dira hizpide. Astelehenetik aurrera euria erruz egingo du behetan eta Oiz mendia elurrez jantziko zaigu.
Orduan asteburu hau aprobetxatu mendi planak egiteko, datorren astean udazkenean bagaude ere, neguak bere hatzaparrak erakutsi nahi izango ditu. Ilargiaren eragina izan daiteke, hilaren 28 an hilbete daukagu eta badirudi ilargi amandreak ere zerbait nahi digula esan oraingoan.