Aupa aspaldiko! Hemen datoz Berbalaguneko urteroko ibilaldien zita. Aurten ere inguruko bazterrak ezagutuko ditugu, giro alai batean eta euskara mihian daukagula. Eguraldi iragarpen zehatza emateko asmotan nator, batzuetan ondo eta beste batzuetan ez hain ondo baina beti ere ahalegin berezia eta gogorik handiena jarriz. Orduan egon daitezkeen hutsak parkatuko didazuelakoan nago.
Bihar larunbata, lehengo irteera daukagu. Burgoa mendia ezagutuko dugu, Arratzuko Olesko auzunetik abiatuta mendian gora joango gara, eta bertatik Arratzuko elizaldera jaitsiz eta barriro ere Gernikarantz bueltatzeko. Ibilaldi polita, baina eguraldiak lagunduko al digu?
Ostiral goizez idazten nago iragarpen hau, orain une honetan lehenengo tantak ikusten ari gara. Epel dago oraindik, 14 graduren bueltan (asteburuan zehar beherakada galanta espero da) eta gaurkoan euria izango da protagonista, orduak aurrera joan ahala prezipitazioak areagotuko dira. Zerua guztiz lainotuta eta eguzki arrastorik ez dugu izango. Goizean hego haizea ibiliko da, baina eguerdi partean iparra sartzen joango zaigu bizi xamar eta tenperaturek zertxobait behera egingo dute baina gaurkoan ez da horrenbeste nabarituko.
Biharko notizi txarrak eman behar, pena da bai, baina hauxe da guk ikusten duguna. Eguna desatsegina esnatuko zaigu, euria, ipar haize bizia, bisutsa.Tenperaturak 12 graduren bueltan izango dira Gernikan. Hauexek izango dira eguneko altuenak, zeren orduak aurrera joan ahala hotz sentsazioa areagotzen joango da. Arratsaldeko azken orduetan hotza izango da protagonista, hori bai arratsaldean prezipitazioak gutxitzen joango dira. Gure eskualdean ez badaude ere Gorbeia, Anboto eta Aitzgorri mendiak zuriz jantzi daitezke.
Aterkia, mendiko oinetakoak, gabardinak-eta ezinbestekoak izango dira txango honetarako,
Domekan edo igandean, lainotsu esnatuko da tantaren bat edo beste botatzeko arriskua izango da, tenperatura oso freskoa edo hotzak izanez, baliteke Oiz mendiko tontorrean ere elur apur bat ikustea. Arratsalderako ostarte zabalak ikusiko ditugu, baina haize fin-fina ipar ekialdekoa (Nabarniz haizea), hotza benetan.
Astelehena egun handia Gernikan, tenperatura hotzak izango ditugu lehen orduetan baina eguzkia izango da jaun eta jabe egun gehienean, azken orduan frenteren baten bisita dela euri tantak botzeko arriskua dagoen arren. Ez ahaztu asteburu honetan ordu aldaketa dagoela, gau txoriak pozik ibiliko dira Astelentxutxu eguna pasatzen larunbatean ordu bat gehiago izango baitute.