Pages

2011/05/24

I. Mihiluze Txapelketa Gernika-Lumon



EKAINAREN 18an 11:00etan hasita Elai-Alai aretoan

Aurkezleak: Onintza Enbeita eta Iñigo Alberdi
Partaideak: 16 urtetik gorako bikoteak
Apuntatzeko: fitxa bete eta Kultur Etxean entregatu
Apuntatzeko epemuga: Ekainaren 10era arte
Informazio gehiago: 647 814 965

SARIAK

1. bikotearentzat: Zita Enperatrizen asteburu osoa (EKUADOR BIDAIAK)
2. bikotearentzat: Otzara erraldoia Urdaibaiko produktuekin (ZIMELA JATETXEA)
3. bikotearentzat: Itsasontzian ibilbidea zetazeoak begiztatzeko (EUSKADIKO BIODIBERTSITATE ZENTROA)

*Partaide guztientzat MIHILUZE MAHAI JOKOA eta txapelketako kamisetak opari.


Gernika-Lumotik Ibarrangelura, irteera

Maiatzaren 21ean Gernika-Kortezubi-Arteaga-Kanala-Tremoia-Ibarrangelu egin genuen, guztira 15 km. Goizeko 9:00etan kultur etxearen aurrean elkartu ginen irteerara apuntatu ginen 70 lagunok. Taldea hazten hazten daukagu, gero eta jendetsuagoak dira gure martxak. Antza lar ondo esaten diegu etortzen direnei, propaganda ona egiten digute-eta. "Txiki" Elgezabalek paraje zoragarriak ikustera eramaten gaitu, zein baino zein politagoak dira gure irteerak.


Gozatu Jon Mikelek atera zituen argazkiak ikusita:
Taldearen argazkia Tremoian atera genuen.


Irten baino lehen, koordinatzaileak egunerako Iratxek prestatutako triptikoak eta Urdaibaiko mapak banatu eta gero ekaineko ekitaldien barri eman zigun.

Erreka hegaletik zehar Kortezubirantza.
Paraje ikusgarriak geureak!
Gernikatik Arteagaraino konpontzen ari dira bidea, itzel geratuko da.



Kortezubira heltzen gaude.


Batzuk paseoan, beste batzuk jorran; piper-jorran ala arto-jorran?


Arteagan gaude.


Urdaibai Bird Center, txorien behatokia.


Arteagako Gaztelua 1860. urtean eraiki zuten Bizkaiko leinu garrantzitsuenetarikoa izan zen arteagatarren dorretxe zaharraren aztarnen gainean.


Gure argazkilaria fin ibili zen. Zer da? onddoa?




Muruetako telleria bistan.


Sugeak bezala mugitu ginen, burua aurrean eta buztana atzean.




Ozolloerrota, marea errota. 1683. urtean eraiki zuten. Itsasgorez eta itsasbeherez baliatzen zen errotarria martxan jartzeko.


Sasoia izan ez arren, anguleruak prest.




San Lorentzo XVI. mendean eraiki zuten gaur egunera arte heldu den ermita. Leiho bitxia du, X. mendekoa.


San Lorentzo ondoan kopautxua egiten.


Bitxiak dira Ozolloerrotako errotarriak, hareharrizko bloke baten landutakoak baitira.


Berde zoragarria Euskal Herrikoa.


Muserako bat falta duzue. Gaur "Torre" ez zaigu etorri eta.


Urdaibai, urdeen ibai. Ugariak izango ziren iraganean ere, toponimiak hala diosku behintzat.


Artadi kantauriarrean emakumeak nagusi.


Baso beti berde honetan artea da nagusi eta berarekin batera hainbat zuhaitz, zuhaixka eta belarkara agertzen dira, hala nola, gurbitza, ereinotza, txorbeltza edo elorri zuria.


Baso itxi honetan, hainbat animaliak aurkitzen dute babesleku egokia, besteak beste, orkatzek, basurdeek edo azkonarrek.


Bizitzan bezala basoan ere, beti bidegurutzeren baten aurrean nora jo aukeratu behar.


Ibarrangeluko Apraiz auzoa begien aurrean.


Apraiz auzoan behera goaz.


Lortu dugu helmuga! Ibarrangelun gaude.


Mungiatik ere etorri zitzaigun jendea, ongi etorri geurera!


Gu mendira joaten gara, baina garraio publikoari ere geure partetxoa ematen diogu. Hara denok autobusez Gernikara.


Berba, berba, berba, Berbalagun!




Bigarren proseziñoa Gernikan zehar. Gora gu eta gutarrak!!!!!!!!!!!!



Oharra: Hurrengo irteera ekainaren 25ean, Muxikarantz. Ostean Atxelipe txokoan ardo dastaketa. Ikasturteko azken irteera izango da. Agendan apuntatu.

2011/05/20

Eguraldia lagun, mendi irteera

Zelan doa astea berbalagunok? Lan askorik egin duzue? Gozatu al duzue astean zehar eginiko eguraldiarekin?




Bikaina doa aste honetako aroa, ezin gara kexatu aurtengo udaberri eguzkitsu eta goxo honekin, egia esateko ezin gara 2011 urte honekin kexatu, eguraldi kontuekin behintzat. Negua epel eta zeru oskarbiekin joan zitzaigun, azken 30 urtetan jasotako datuen bataz bestekoa baino 3-4 gradu altuagoekin. Udaberria ere paretsu, zeru oskarbiekin izan ditugun egunen kopurua handia izan da, aspaldiko handiena izan daiteke. Guk gozatu ederra hartzen dugu bai eta gustura hartu ere, galdetzerik baino ez dago jendeartean, baina urte hasiera honek atzetik zerbait ekarriko ote du? Udan damutu beharra edukiko ote dugu? guk gozatu egingo dugu dagoenarekin eta gero gerokoak, "dagoenean bonbon, ez dagoenean egon"


Nondik nora joango dira asteburu berezi honetako eguraldi kontuak?


Gaur ostirala, eguraldi motelarekin esnatu zaigu eguna, sargori puntuarekin, zeru lainotsuak ditugu ostarte txikiren bat edo beste ikusi arren. Tenperaura epelak ditugu 19-20 graduren bueltan eta hezedura nahiko goitik dabil. Eguerdi alderako badirudi argi uneda gehiago zabaldu daitezkeela, eguzkiak lan apur bat egingo dugu. Arratsalderako, aste guztian izan dugun modura, hego aldetik bero lainoak sortzen joango dira, Oiz mendiaren inguruan eta Durangaldeko mendietan laino mokorrak ikusiko ditugu (cumulo nimbusak), agian zaparredaren bat edo beste botaz inguru haietan. Kostaldera ez dirudi laino horiek iritsiko direnik, gurean itsasoko haizearen eragina izango dugu, laino horiek kostaldera hurreratzea eragotziz. Trumoi lainoak kapritxosoak dira eta adi egon beharko dugu baina ez dut uste gurera helduko direnik.



Zapatuan Gernikako lagunkideok mendi irteera daukagu, Gernikatik Ibarrangelura. Goiza polita izango dugu, ostarte zabalekin eta eguzkia lagun. Tenperaturak gaurko antzerakoak izango dira 19 -20 graduren inguruan, eguerdian 24-25 gradu ingurura igoz. Eguraldi aparta izango dugu eta ez da egongo aitzakiarik bihar mendi buelta egiteko. Arratsaldean gaurko modura laino multzoak sortzeko arriskua dago mendi inguruetan eta baliteke danbarradaren bat edo beste entzutea, baina biharkoan ere ez dago euritarako arrisku handirik. Eguraldi goxoa eta atsegina.



Igandea edo Domeka, hauteskunde eguna, alderdietako buru asko eguraldi iragarpenaren zain egongo dira bai. Goiza makal xamar joango ote den dirudi. Ipar mendebaleko haizeak frente ahul bat ekartzekotan da domeka goizerako. Langar eta lanbro kontuak izango dira, zeru lainotsuekin inguruko mendiak behe lainoekin estalita geratuko dira. Tenperatura bezperan baino freskoagoak izango dira, 20 graduren marra gainditu ezinik. Arratsalderako langar kontu hauek atertzekotan dira, gainera ostarte batzuk zabal daitezke kostaldetik. Bi zati edukiko ditu egunak, goiza makalagoa, arratsaldea hobea. Datorren asteko hasiera, berriro ere, eguraldia lagun izango dugula dirudi.



Bihar denok mendira, eguraldia lagun izango dugu-eta!!!!!!!!

2011/05/17

Mendi irteera maiatzaren 21ean

Gernika-Kortezubi-Arteaga-Kanala-Tremoi-Ibarrangelu egingo dugu oraingoan, guztira 15km izango dira. Goizeko 9:00etan kultur etxearen aurrean elkartuko gara. Itzulera lineako autobusean.
Beti bezala "Txiki" izango dugu gidari. Bazatoz? Eman izena lehenbailehen AEKn edo Aita Villasante Udal Euskaltegian.

2011/05/14

Asteburuan nolako eguraldia?

Oraingoan larunbaterako eta iganderako baino ez dugu iragarriko.


Zapatuan goiz-goizetik zerua lainotsua eta estalia izango dugu. Egun bisuts xamarra izango da, euri xirimiria bizi samar goizean. Goiz partean euri arriskua izango dugu eta eguerdi aldera, baliteke ordu batzuetan ateri antzean joatea, baina arriskua ezin baztertu ba. Tenperaturen beherakada nabaria igarriko dugu eta eguneko tenperatura altuenak ez du 20 gradutako muga gaindituko. Goietan freskoago geratuko da (Nabarniz, Mendata, Ereño, ...), 18 gradu inguruan.


Domekan egun handia baserri giroko tokietan, maiatzaren 15a Isidro Deunaren eguna. Makina bat ospakizun eta ekitaldi izango dira gure inguruko herrietan (Ajangiz, Murueta, Nabarniz, Muxika, ...) Zeruari eta eguraldiari begira egongo dira toki askotan. Badirudi eguraldiak egonkortzeko joera hartuko duela, bezperan baino euri gutxiago egingo du, baina arriskua guztiz baztertu barik.


Goizeko lehen orduan zipriztin bat edo lanbro apurren bat egiten badu, ez gaitezen harritu. Ez dirudi askorik botako duenik eta eguerdiaren ordu gehienetan aterri eutsiko dio. Tenperaturak freskotik joango dira eta jertse edo sudaderaren premia izan genezake. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da fin xamar eta 17 gradutik gora tenperaturek ez dutela igoko ematen du.


Asteburu fresko xamar baten aurrean gaudela dirudi, eta hondartza kontuak beste baterako utziko ditugulakoan nago. Ez gaitezen atsekabetu eta goza dezagun dagoenarekin; gauza guztiek bere xarma dute, ez dago eguraldi txarrik, norberak bilatu behar du gauza guztien sekretua.

2011/05/07

Gernika-Bermeo 2011-04-30ean

Gernika-Lumo-Altamira-Katillotxu-Demiku-Bermeo egin genuen apirilaren 30ean, 16km. Eguraldi aldetik ez genuen inongo aitzakirik eduki, egun zoragarria egin zuelako goizean. 62 lagun batu ginen "Txiki" geure gidariaren esanetara. Ibilaldia, une batzuetan, beste irteera batzuetan baino gogortsuagoa izan zen, Katillotxura igoteko aldats ederra izan genuen. Batzuk mihia kanpoan genuela heldu ginen, baina pozik igo genuen-eta.



Hainbat argazkilari izan genuen oraingoan, hona hemen Pedro Marik eta Soniak ateratako argazkiak; Jon Mikelenak oraindik ez dira heldu:
Talde osoaren argazkia Busturiko Altamira auzoan atera genuen. 62 lagun eta "Txomin" txakurra.

Foruko San Kristobalen, Urdaibai Dorretxearen parean ateratako argazkia.


Kontu kontari, oraindik fresko-fresko goaz, gero izango dira kontuak.



Euskal Herri berdea geurea!



Usain ederra honen parean, ezta? "Txomin" txakurra estu ibili zen hemengo txakurrekin.



Hau ere paraje ikusgarria! Baserri hau ere, bateren batek erosiko luke ba!



Zaldunak ere topatu genituen.



Busturiko San Bartolome auzoan berreskuratutako mahats-parrak bistan. Nortzuk bizi dira paraje horretan? Fernandoren familia, Kepa Junkera, Jesus Mari Lazkanoren estudioa, ...



Bidearen arabera, batzuetan, banan-banan joan behar izan genuen.



Urkiolako errebueltak baino zarratuagoak izan ziren batzuk.



Batzuek erraz igoten dute gero! entrenamendu ederra egiten dute antza.



Argazki hau hemen tokatzen da ala Demiku auzokoa da "Txiki"?



Atsedenalditxoa egin genuen atzerago zetozenekin batera igotzeko. Denok izerdi patsetan!



Oztopoak ere gainditu beharra zegoen, erramadaren gainetik pasatu behar izan genuen.



Azken espriña egin eta Katillotxu tontorrean. Behiek ongi etorria egin ziguten.



Paraje zoragarria Katillotxutik! Laidako hondartza eta Antzora aurrean.



Behiak ere inguruaz gozatzen. Hauen haragia ona baino hobea izango da.



Katillotxuko mendilerroan zehar badira trikuharria izenez ezagutzen diren antzinako hilobiak.



Neolitiko garaikoak dira trikuharri horiek, duela 5.000 urte ingurukoak. Guztira 5 dira 1989az geroztik mendilerro horietan aurkitutakoak.



Gu ere bagatoz! Bai, trikuharri horietako bi Katillotxuren gailurrean aurkitutakoak dira.



Kostata, baina heldu gara; orain bai ederto, ura edan, ingurua lasai ikusi, eseri, ...



Demiku auzoa aurrean, udaletxez Bermeo omen da eta eleizaz Mundaka.



Denok ere, aldats beheran errazago. Kuku-praka nahikoa ikusi genuen honen inguruan, ala ez dira Kuku-prakak Jose Luis?



Bermeo aurrean, heldu gara!



Ordu biak laurden gutxiagotan, gehienok, trenez etxerantza. "Golfoenak" Bermeon geratu ziren, nortzuk?