Pages

2015/05/29

Bihar, mendi irteeran, banatuko dugun triptikoa


Bihar, mendi irteeran, banatuko dugun triptikoa duzue hau. Iratxe Uriguenek, loari ordutxu batzuk kendu, eta, beren beregi, geuretzat prestatu du.
Dena delakoagatik, bihar gurekin etortzerik ez baduzu, jaso hemendik eta hurrengo baten lagunekin edo familiarekin egin ahal izango duzu ibilbide dotore hau.
Betiko moduan, "Txiki"k prestatu digu 15 kmko irteera ikusgarria.
Izarak albo batera utzi eta ERDU geugaz!

2015/05/28

Haritzaren hostoekin tailerra

Ikastaro interesgarria Jose Fernandezek eman diguna. Ikasi dugu haritzaren hostoak zelan lehortu behar diren, zenbat denbora behar duten lehortzen; nolako hostoak komeni den batzea.
 Plantillak nola egin daitezkeen, ze material erabili horretarako, nola kokatu aukeratutako marrazkia hostoaren gainean.
 Irudimena duenak zeinen erraz egin ditzakeen plantillak!
 Ordu biko ikastaroan bakoitzak hosto batean edo bitan behintzat marrazkiak egin ditu.
Irakasleak, helburua beteta eta ordu bitan euskeraz eginda, pozik atera du argazkia ikasle aurreratuen ondoan.
Orain, ikasi eta gero, lagunei opariak egiteko astia hartzea baino ez dugu behar.

Euskal erromerian ateratako argazkiak

Pasa den asteartean "euskal erromerian", Pasialekuan, ateratako argazkiak dituzue hemen. Elai Alai dantzari taldeko Zirats, Leire eta Imanol izan genituen gidari, soinua jartzen, ostera, Segundo Olaetako Ana eta Maiteder irakasleak eta euren 7-8 ikasle. Makinatxu bat instrumentu ekarri zituzten gure belarriak gozatzeko eta hankak dantzan jartzeko.
Astegun buruzuria izan arren, bataz beste, dantzarako gogoa zuten 50 lagun inguru hurbildu ziren eta ikusle batzuk ere izan genituen.
 Hiru zatitan banatu genuen ekitaldia. Atsedenaldi txiki bi egin, eta horietan, zintzurra bustitzeko, sagardoa izan genuen.
Eguraldia ere lagun izan genuen, aterri behintzat.
 Marmutx, biribilketa, jota, arin-arina, ...
 Ostalerra, esku dantza, Lantz, ...
 Polka, 7 jauzi, Alunelu, ...
 Martxa, dantza korda, Marmutx, ...
 Eta gaueko 21:30ean, ekitaldiari amaiera emateko eta Foruko barnetegian dauden ikasleei agur egiteko, abestia, ...
 Xalbadorren Heriotzean denon artean abestu genuen.
Amaiera polita izan zen, hunkigarria.
 "Non hago? zer larretan, Urepeleko artzaina?
 ...hesia urraturik .....
Eskerrik asko Segundo Olaetakoei honelako une pozgarria, aberasgarria, ... -garri pasaraztearren. Datorren ikasturtean berriro!

2015/05/26

Haritzaren hostoak, tailerra

Maiatzaren 28an haritzaren hostoetan, marrazkiak nola egin irakatsiko digu Jose Fernandez berbalagunak. Kultur etxean, arratsaldeko 6etatik 8etara izango da ikastaroa.
Parte hartu gura duenak eman dezala izena AEKn edo Aita Villasante Udal Euskaltegian.
Geuk egiteko opari politak nola egin ikas genezake. Erdu!

Euskal Erromeria gaur, 20:00etan

Ez ahaztu gaur hitzordu garrantzitsua dugula 20:00etan, Pasialekuan. Segundo Olaeta Musika Eskolakoak eta Elai Alai dantzari taldea izango ditugu laguntzaile. Gure ezaugarria jaietako zapi laukiduna izango da, beraz, ahaztu barik ekarri.
Sagardoa be izango dugu. 
Erdu izerdia botatzera, txaloak jotzera, argazkiak ateratzera, irrintziak botatzera edo gozatzera!