Bikaina doa aste honetako aroa, ezin gara kexatu aurtengo udaberri eguzkitsu eta goxo honekin, egia esateko ezin gara 2011 urte honekin kexatu, eguraldi kontuekin behintzat. Negua epel eta zeru oskarbiekin joan zitzaigun, azken 30 urtetan jasotako datuen bataz bestekoa baino 3-4 gradu altuagoekin. Udaberria ere paretsu, zeru oskarbiekin izan ditugun egunen kopurua handia izan da, aspaldiko handiena izan daiteke. Guk gozatu ederra hartzen dugu bai eta gustura hartu ere, galdetzerik baino ez dago jendeartean, baina urte hasiera honek atzetik zerbait ekarriko ote du? Udan damutu beharra edukiko ote dugu? guk gozatu egingo dugu dagoenarekin eta gero gerokoak, "dagoenean bonbon, ez dagoenean egon"
Nondik nora joango dira asteburu berezi honetako eguraldi kontuak?
Gaur ostirala, eguraldi motelarekin esnatu zaigu eguna, sargori puntuarekin, zeru lainotsuak ditugu ostarte txikiren bat edo beste ikusi arren. Tenperaura epelak ditugu 19-20 graduren bueltan eta hezedura nahiko goitik dabil. Eguerdi alderako badirudi argi uneda gehiago zabaldu daitezkeela, eguzkiak lan apur bat egingo dugu. Arratsalderako, aste guztian izan dugun modura, hego aldetik bero lainoak sortzen joango dira, Oiz mendiaren inguruan eta Durangaldeko mendietan laino mokorrak ikusiko ditugu (cumulo nimbusak), agian zaparredaren bat edo beste botaz inguru haietan. Kostaldera ez dirudi laino horiek iritsiko direnik, gurean itsasoko haizearen eragina izango dugu, laino horiek kostaldera hurreratzea eragotziz. Trumoi lainoak kapritxosoak dira eta adi egon beharko dugu baina ez dut uste gurera helduko direnik.
Zapatuan Gernikako lagunkideok mendi irteera daukagu, Gernikatik Ibarrangelura. Goiza polita izango dugu, ostarte zabalekin eta eguzkia lagun. Tenperaturak gaurko antzerakoak izango dira 19 -20 graduren inguruan, eguerdian 24-25 gradu ingurura igoz. Eguraldi aparta izango dugu eta ez da egongo aitzakiarik bihar mendi buelta egiteko. Arratsaldean gaurko modura laino multzoak sortzeko arriskua dago mendi inguruetan eta baliteke danbarradaren bat edo beste entzutea, baina biharkoan ere ez dago euritarako arrisku handirik. Eguraldi goxoa eta atsegina.
Igandea edo Domeka, hauteskunde eguna, alderdietako buru asko eguraldi iragarpenaren zain egongo dira bai. Goiza makal xamar joango ote den dirudi. Ipar mendebaleko haizeak frente ahul bat ekartzekotan da domeka goizerako. Langar eta lanbro kontuak izango dira, zeru lainotsuekin inguruko mendiak behe lainoekin estalita geratuko dira. Tenperatura bezperan baino freskoagoak izango dira, 20 graduren marra gainditu ezinik. Arratsalderako langar kontu hauek atertzekotan dira, gainera ostarte batzuk zabal daitezke kostaldetik. Bi zati edukiko ditu egunak, goiza makalagoa, arratsaldea hobea. Datorren asteko hasiera, berriro ere, eguraldia lagun izango dugula dirudi.
Bihar denok mendira, eguraldia lagun izango dugu-eta!!!!!!!!
1 comentario:
Aupa Joseba eta berbalagun guztiok, goza ezazue mendi irteeraz. Nik ezin izango dut joan. Hurrengora arte. Ani.
Publicar un comentario