Atzo egin genuen lehenengo batzarra, baina batzarra izango zena ikastaro bihurtu genuen. Marije Garabieta irakasleak josten jarri gintuen, eginez ikasten dela-eta.
Bermeotik, Arteagatik, Forutik, Gernika-Lumotik eta Muxikatik etorri zen jendea. Ea falta diren herrietakoak animatzen diren eta eskualdeko herri guzti-guztiek parte hartzen duten proiektu honetan!
Batzuk jostorratzarekin iaioak dira, beste batzuk, ostera, ideiarik be ez. Baina auzolanean denok egin genezake aurrera.
Ordu biko saio horretan hiruk, behintzat, lauki osoa egin zuten. Beste batzuek, aldiz, mingaina martxan ibili zuten, besterik ez.
Martxa honetan, laster daukagu guk "sobrecama" hori eginda.Irakasleak denetarikoa eraman zuen, eskerrak! gu esku hutsik joan ginen-eta.
Honelako plantillak erabiliko ditugu, 120 plantilla. Lauki bakoitzak 15 zm bider 15 zm eta 13 oihal desberdin dauzka. Beraz, 1.560 oihal zati josi behar dugu hasieran; montajea, hegalak, barrukoa eta atze partea gero etorriko dira.
Eta honelako koloreak izango ditu gure tapaki horrek.
Oharra: Datorren ostegunean, 19:00 etan berriro leku berean elkartuko gara, lehengo "Correos"eko lokalean, Elai-Alai aretoaren aurrean dago.
Parte hartu gura duzuen guztiok dituzue ateak zabalik. Erdu eta gurekin josi!.
No hay comentarios:
Publicar un comentario