Pages

2013/01/25

Ilargiaren kapritxoak!

Aupada handi bat berbalagunok!

Abenduko irteerarako ezin izan genuen egin gure eguraldi iragarpena, baina bagatoz barriro ere, bihar  mendi txangoan izango den eguraldiaren berri ematera.

Urtarrila bustitik doakigu, a ze euri jasak, euria erruz eta etengabekoak! Gernikaldean, 300 litrotik gora metro karratuko daramagu honezkero. Oka ibaia gainezka egiteko zorian izan genuen egun batez, urak zubia ere jo zuen uneren baten, baina eskerrak horretan geratu zena.

Lehen egunak oso  lasaiak izan dira urtarrilekoak, baina, 11n izan genuen ilberriak erabateko aldaketa ekarri zigun eta harrezkero euria baino ez dugu izan. Tenperaturak freskotik joan dira baina hotz gordinik ez dugu sentitu izan. Elur konturik ez dugu izan, eta ikusi dugun bakarra, Oiz mendian izan dugu 600mtrotik gora, 3-4 aldiz, baina neguaren bihotzean egoteko, ez da gauza handirik.

Gaur ostirala behelainopean esnatu gara, 3 gradurekin. Gaur egun polita izango dugu aspaldiko partez, tenperaturak 12 bat gradutara igongo dira eguerdi partean , eguraldi sanoa eta goxoa, baina eguna amaitu orduko, beste frente baten bisita izango dugu. Frente ahula izango da eta bihar goizaldean igarriko dugu bere eragina, ez dirudi gauza handirik botako duenik baina bai narrasteko lain. Bihar goizean lehenengo sasoian, baliteke tantaren bat edo beste izatea, baina orduak aurrera joan ahala mendebaldetik ostarteak zabaltzen joango dira eta arratsalde polita geratuko zaigu.

Iganderako, berriro beste frente bat izango dugu eguerdirako eta arratsalde euritsua izango dugu, barruan egoteko giroa. Euri dezente dakar eta tenperaturek berriro behera egingo dute, haizea ere kostaldean harro ibiliko da. Igandean ilbete da  eta datorren astean, antizikloia gure gainean  izango dugu barriro. 4-5 egunetan eguraldi bikainaz gozatzeko aukera izango dugu astelehen arratsaldetik aurrera, hego haizearen laguntzaz. Ilargiak honelako aldaketetan zerikusia ote dauka? 
Eutsi goiari!


No hay comentarios: