Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustua, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo, Indautxu, Mahatserria, Orduña,... Euskal Herriko txoko guztietako mintzalagunak hurbildu ziren larunbatean Getxora, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera. Gu Gernikatik 15 lagun joan ginen.
EGIZUko lagunek Euskal Herri osotik joandako 300 laguni ongi etorria emateko, Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean (tortillak, sanwich-ak, muskuiluak,... sagardoa, txakolina, ura, ardoa,...) txalapartariak, Algortako Bertso Eskolako Inazio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek bertaratutakoei hitzezko ongi etorria egin ondoren herria eta historia ezagutzeko bisita gidatuari ekin genion.
Xabier Payak gaixorik-edo zebilela abisua pasatu zuenez, Josu Larrañagak hartu zuen berak bete behar zuen lekua eta lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso hurbil izan zen, Etxetxu delakoaren parean. Azaldu zigunez, Portu zaharraren gaine-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri zituen gogora, gainera antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, portu zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa (Kalimero laguna motza, itsusia, zela eta hitz jokoa egin omen zuten horrekin). Gaur egun Coca-Colak dauka erregistratuta kalimotxo hitza. "Un poco de chocolate" filmaren gorabeherak ere kontatu zizkigun.
Ondoren, Usategi parkera hurbildu ginen, Serantes mendi parera. Berez, gotorleku izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloreetako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko.... Getxoko auzoen berri ere eman zigun, Areetakoei "los muñecos" deitzen dietela, Algortakoen ezizena "guaito" dela, auzorik euskaldunena Andra Mari dela, ...
Gero, Getxo Antzokiko plazan bildu ginen eta bertan kalejira berezia egin genuen trikitixaren soinua eta batukadaren erritmua nahastu baitzituzten.
Ordu bietan metroa hartu, eta Erromon Udalak Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian batu ginen bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa patata frijituekin eta postrea zerbitzatu ziguten.
Bazkal ostean, orain arteko ohiturari jarraituz, mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni omenaldi xumea egindakoan Patxi Perezez eta bere taldeak dantzan jarri zituzten bertaratutako ia gehienak.
HONA HEMEN ATERATAKO HAINBAT ARGAZKI:
2 comentarios:
Jaialdi polita benetan, eta lan bikaina antolatzaileena eta gure animatzaile Pilirena. Eta erreportaia mundiala. Eskerrik asko. Ani.
Wally ere aurkitu dut taldeko argazkietan! jaja. Itzela izan zen eguna!
P.D: astia dugunean Erakutsiko dizkiot amari argazkiak.
Ariane
Publicar un comentario