Otsailaren 26an, Gernika-Ajangiz-Arratzu-Mendata-Gernika ibilbidea egin genuen, guztira 16 km. Goizeko 9:00etan kultur etxearen aurrean 46 lagun eta 5 txakur batu ginen, inoizkorik gehien. Lehenengo orduetan eguraldi polita izan genuen, baina Montolan parean geundela euri lanbarra hasi eta mela-mela eginda heldu ginen helmugara.
Ajangizeko Landazabala (campiña), Arratzuko Hariztia eta Haltzadia, Mendatako Montolan Dorrea, Artzubi Erdi Aroko zubia eta Olazar Burdinola ikusi eta ezagutu genituen.
"Txiki" izan genuen gidari, Iratxe azalpenak ematen eta argazkilari lanetan Jon Mikel eta Iratxe. Hara zelako argazki politak atera zituzten:
Artzubi zubia, Arratzun. Argazki honek atzeragotxo egon beharko luke, baina bere lekuan sartzea ahaztu egin zaigu eta hain dotorea izanda, hasieran baino ez bada ere, sartu beharra egon da. Eutsiko ote digu zubi zaharrak? Gernikatik Ajangizerantza, denok kontu kontari. Jendea pozik, motorrak berotzen. Goiz osoa daukagu aurretik, ez dago presarik! Hau da Berbalagunen helburua, irteerak bai, baina lagunekin berba egitea.
Ajangizera heltzen. Zer jartzen du han, dependentzia? Txakurra nekatu zaigu.
Frontoi dotorea, ezta? Ajangizetik Gernika eta Lumoko ikuspegia.
Irteera honetarako prestatutako triptikoak banatzen. Ez genuen pentsatzen horrenbeste jende etorriko zenik eta batzuk bat ere gabe geratu ziren.
Argazki hau ere, lekuz kanpo dago. Montolan, bost hormako dorretxea. Pedrok dio, gazteak zirenean, eurak baino nagusiago zen emakume dotore bat bizi zela hor, Paloma txirrindulariaren arreba, Mari Sol.
Ajangizen inguruko mendiak zeintzuk diren polito azalduta dute harri gain horretan: Aurrean Kosnoaga eta Bizkargi, hegoaldean Oiz eta iparralderantza itsasoa ...
Iratxe Uriguen ikusiko dugunaren gainean azalpenak ematen.
Taldearen argazkia atera genuen Ajangizen.
"Gora ta gora beti, ... "
Sonia eta Jessica, zein da erreka hori?
Nekatu zarete ala ez dakizue norantza egin?
Bide gurutzean, Arratzuko Eleizalderantz edo Ajangizerantz? Arratzurantza, jakina!
Olazarreko burdinola Arratzun. 1975eko uholdeek barruko instalazioak hautsi zituen, baina oraindik mantentzen ditu bere presa eta antepara.
Bai neskak, horretarako jarri dituzte azalpenak, irakurtzeko. Golako errekaren ibarrean dago Olazar.
Olazarreko Burdinolaren jabea aker beltz hau ote dugu ba?
Arratzuko eleiza.
Ondo berotuta heldu ginen, jateko eta edateko prest, baina Txikik Zarrabentaraino ez dagoela geldiunea egiterik eta, gu haren esanetara.
Hara, lehengo baserriek nolako komun bitxia zuten.
Berriro bidegurutzea, norantza egingo dugu? Montolanera
Zuek bai zuok, gidari ofizialari segitu beharrean, Jon Mikelek ezagutzen duen iturrira eraman zaituzte. "Maritxu, nora zoaz, eder galantori? ..."
Montolanen inguruak aztertzen. Bertatik Arratzuko harana eta Oka ibaiaren itsadarra ikus daitezke.
Hauek bai neska dotoreak!
Hauek badakite Erdi Aroko dorretxe gehienak bezala babeserako eraikitako etxea izan zela eta pentagonala dela.
Hemendik aurrera euria izan genuen lagun.
Zein da ermitaren izena? nork gogoratzen du? Jessica, kontuz gero, "astoak joko bat eta bera ostikada".
Paraje dotorea, ezta?
Atsedenalditxoa izan genuen Zarrabentan.
Gure kontuak ez dira inoiz amaitzen.
Taberna aurrean, a zelako iskanbila izan zuten txakurrek, ugazabaren bat oraindik seneratu ezinik omen dabil.
Oharra: martxoaren 19an egingo dugu hurrengo irteera. Adi kartelei!
1 comentario:
Hurrengoan, Zarrabentako tabernariei lehenago abisatuko diegu.
Publicar un comentario