Pages

2010/02/02

Mendira egindako irteera

Hilaren 30ean ibilalditxoa egin genuen. Goiz osoan euria izan genuen lagun, modu horretara euritakoen desfilea egin ahal izan genuen, beltzak, berdea, hainbat koloretakoa, folkloriko hutsa, plegablea, .... aurtengo moda bertatik bertara ezagutu genuen.
Goizeko bederatzietan kultur etxearen aurrean elkartu ginen 36 lagun, eta kontu kontari markatutako ibilbideari ekin genion. Ez ginen umezurtz geratu, ez; Txiki izan genuen gidari. Berak ondo baino hobeto zekien eta daki hango berri, non atajua hartu, nondik basa gutxiago, ....

BADAKIZU ....

...Gure eskualdean ere Oinaztarrak eta Ganboarrak gudan egon zirela? Arteagarrak ziren Ganboarren leinuan buru. Barrutia eta Belendizeko Dorretxeak leinu horren aldekoak ziren. Muxikarrak ziren, berriz, Oinaztar nagusiak. Horiei ahaidetuta Gernikako Mezetarrak eta Busturiko Madariagarrak zeuden.
...Leinu bakoitzean ahaide nagusia edo "jauntxoa" zen buru eta horrek lekaio gaizkile eta basailu talde bat zuen bere menpe. Horiek jauntxoaren babesa izaten zuten eta horren trukean aurkako bandoaren kontra borroka egiten zuten.

...Leinu horietako ahaideak hainbat jauregi eraiki zituzten. 1468. urtean Errenteriako batailan Ganboarrak galdu eta Oinaztarrek beraien aurkarien hainbat dorretxe erre zituzten, gaur egun oso itxuraldaturik dauden Barrutia eta Belendizeko dorretxeak, besteak beste.
...Adituek diotenez XVII. mendean Errenteriako gurutzea jarri zuten bataila hori gertatu zen lekuan eta gaur egun oraindik zutik dirau.
...Ibilbidean zehar Barrutia, Elorriaga eta Belendizeko Dorretxeetatik gertu pasatuko gara.




Hemen, Belendizeko Elorriaga dorretxearen ondoan ibilbidearen lehenengo argazkia atera genuen.


Maldan gora, maldan behera. Oso ona omen da izterrak gogortzeko aldatsean ibiltzea.
Baina, baina, zer egiten dute hemen argazkilari biek? Nork atera die argazkia ba?
Pelikuletan ere hain dotorerik ez! Belendizen zaldi dotoreak daude gero!
Bagoaz, bagoaz, inguruaz gozatuz aurrerantz.
Zaldiak ez ezik, etxeak ere dotoreak gero! Norenak ote dira!
San Lorentzo baselizaren babesean, euritakoak itxi egin ahal izan genituen. Bateren batzuek horko kontuak ere badakizkite, ez da horrela "ile zuri"?
Ene, ene, neska hauek euritakorik gabe joan dira ala? Nora, mela-mela eginda zaudete. Nondik ibili zarete bada?
Hau da Berbalagun, batzuek berba egiten dutenean besteok entzun, baina txandaka egin behar da hori ere. Maitek eta Mari Karmenek badakite zer egin behar den, galdetu bestela Rosa Mariri eta Nereari.
Dabid ere bere saltsan dabil. Dabilen moduan ibilita, atoan ikasiko du katalan horrek euskara.
Euria dela, eta zer? gu pozik gaude, eutsiko diogu ezta Barrena?
Hara Orkonek zelako aterki polita eraman zuen, horrelakoekin ez dago mendian galtzerik.
Eta aterki folkloriko hori norena da? hori ez zenuen erosiko, ezta?

Belendizeko eleiza aurreraino heldu gara. Indalecio Ojangurenek, "Arrano" Argazkilariak aintzina ateratako argazkiei begira egon gara eta ezkerraldean dituen leihoak berriak direla ikusi dugu.
Eleiza dotorea, baina alboko etxeak ere eleganteak e!
Beno, atsedenaldia amaitu da, aurrera!

Esku batean makila, bestean guardasola, beste aukerarik ez zegoen. Aurrera Mari Karmen.
Hor ditugu gurekin etorri ziren bost bermeotarrak ere. Nortzuk zarete? Hilario, Dabid, eta? Hilario ospetsu egin zaigu, telebistako "Bi errepidean" programan gimnasia egiten agertu zen. Hurrengoan autografoa eskatuko dizut.


Euria dela, eta zer? jolastea ez da beti umeen kontua, hara hor batzuk zimi-zamuetan nola ibili ziren.
Loiola auzorantz goaz. Hor batzuek aurrea hartu digute, zer egin dute ba?

Arratzun, Golako errekaren ondotik Burgoa mendirantz goaz. Errekak ez ote du gainez egingo?
Lokatza, basatza, lupetza,..... Zelan esaten da beste modu batera?
Hemen, Burgoa mendian behera gaoazela Ajangiztarrek txitxiburduntzia non egiten duten azaldu ziguten, hor atzeko landa horretan egiten du txitxiburduntzi Ajangizeko herriak.
Hemendik bai Gernika eta inguru guztiak ondo ikusi! Batzuek BERBALAGUNek erosi beharko lukeela etxe hori esan zuten. Ea nondik atera behar dugun dirua, eman bueltak buruari eta nork jakin ....
Sekretuak kontatuko dizkizuet. Batzuek basaz beteta ez zuten joan nahi izan zibilizaziora, eta hor ibili ziren kanaloitik behera zetorren uraren azpian botak eta enparauak garbitzen. Txarri garbiak!
Eguraldia guri adarra joten ibili zitzaigun, Oleskora heldu orduko atertu egin zuen.
Ezetz jakin argazki horretan non dagoen egiten ari diren ospital berria!
Aterki dotoreenak zeintzuk izan ziren erabaki genuen, Orkonena eta Pilirena. Hurrengorako ere prestatu beharbada beste desfile bat egin beharko dugu-eta.
Guri jatea ez ezik, edatea ere gustatzen zaigunez horrela amaitu genuen gure txangoa. Harizpe txokoan sukaldari ospetsu bi izan genituen guri hamaiketakoa prestatzen, Josune eta Moises. Ez dakit argazkilariak salda baino zeozer gehiago edan zuen, hemengo argazkiak mugituta irten ziren-eta.
Argazki hau ere mugituta dago, oraingoan Marijek atera zuen eta ez dakit ba sukaldean honek ere zer edan zuen. Beno, kontua da bakoitzak non egon zen badakiela eta gutxi gorabehera beren burua topatu ahal izango duela, ala ez?


Honaino heldu da zapatuan egin genuen ibilalditxoaren kontua, gustatu zaizue? Ezer gehiago badaukazue sartzeko badakizue zer egin behar duzuen, sartu. Argazkiak handitzeko gainean jarri arratoia eta klikatu.
Hurrengo ibilaldia otsailaren 27an egingo dugula esan dit "Txiki"k. Aterako ditugu kartelak. Ondo bizi.

1 comentario:

Aniceto dijo...

Argazkiak ederrak eta iruzkinak bikainak! Euriak burua ilundu beharrean argitu egin zion erreportariari, antza! Hori da etorria, hori!
Hurrengo txangoa otsailaren 27an izango ei da. Eta horreri errematea emoteko txokoa?
Ani.