Hilaren 30ean ibilalditxoa egin genuen. Goiz osoan euria izan genuen lagun, modu horretara euritakoen desfilea egin ahal izan genuen, beltzak, berdea, hainbat koloretakoa, folkloriko hutsa, plegablea, .... aurtengo moda bertatik bertara ezagutu genuen.
Goizeko bederatzietan kultur etxearen aurrean elkartu ginen 36 lagun, eta kontu kontari markatutako ibilbideari ekin genion. Ez ginen umezurtz geratu, ez; Txiki izan genuen gidari. Berak ondo baino hobeto zekien eta daki hango berri, non atajua hartu, nondik basa gutxiago, ....
BADAKIZU ....
...Gure eskualdean ere Oinaztarrak eta Ganboarrak gudan egon zirela? Arteagarrak ziren Ganboarren leinuan buru. Barrutia eta Belendizeko Dorretxeak leinu horren aldekoak ziren. Muxikarrak ziren, berriz, Oinaztar nagusiak. Horiei ahaidetuta Gernikako Mezetarrak eta Busturiko Madariagarrak zeuden.
...Leinu bakoitzean ahaide nagusia edo "jauntxoa" zen buru eta horrek lekaio gaizkile eta basailu talde bat zuen bere menpe. Horiek jauntxoaren babesa izaten zuten eta horren trukean aurkako bandoaren kontra borroka egiten zuten.
...Leinu horietako ahaideak hainbat jauregi eraiki zituzten. 1468. urtean Errenteriako batailan Ganboarrak galdu eta Oinaztarrek beraien aurkarien hainbat dorretxe erre zituzten, gaur egun oso itxuraldaturik dauden Barrutia eta Belendizeko dorretxeak, besteak beste.
...Adituek diotenez XVII. mendean Errenteriako gurutzea jarri zuten bataila hori gertatu zen lekuan eta gaur egun oraindik zutik dirau.
...Ibilbidean zehar Barrutia, Elorriaga eta Belendizeko Dorretxeetatik gertu pasatuko gara.

Hemen, Belendizeko Elorriaga dorretxearen ondoan ibilbidearen lehenengo argazkia atera genuen.
Maldan gora, maldan behera. Oso ona omen da izterrak gogortzeko aldatsean ibiltzea.
Pelikuletan ere hain dotorerik ez! Belendizen zaldi dotoreak daude gero!
Bagoaz, bagoaz, inguruaz gozatuz aurrerantz.
Zaldiak ez ezik, etxeak ere dotoreak gero! Norenak ote dira!
San Lorentzo baselizaren babesean, euritakoak itxi egin ahal izan genituen. Bateren batzuek horko kontuak ere badakizkite, ez da horrela "ile zuri"?
Dabid ere bere saltsan dabil. Dabilen moduan ibilita, atoan ikasiko du katalan horrek euskara.
Euria dela, eta zer? gu pozik gaude, eutsiko diogu ezta Barrena?
Hara Orkonek zelako aterki polita eraman zuen, horrelakoekin ez dago mendian galtzerik.
Eta aterki folkloriko hori norena da? hori ez zenuen erosiko, ezta?
Loiola auzorantz goaz. Hor batzuek aurrea hartu digute, zer egin dute ba?
Arratzun, Golako errekaren ondotik Burgoa mendirantz goaz. Errekak ez ote du gainez egingo?
Lokatza, basatza, lupetza,..... Zelan esaten da beste modu batera?
Hemendik bai Gernika eta inguru guztiak ondo ikusi! Batzuek BERBALAGUNek erosi beharko lukeela etxe hori esan zuten. Ea nondik atera behar dugun dirua, eman bueltak buruari eta nork jakin ....
Sekretuak kontatuko dizkizuet. Batzuek basaz beteta ez zuten joan nahi izan zibilizaziora, eta hor ibili ziren kanaloitik behera zetorren uraren azpian botak eta enparauak garbitzen. Txarri garbiak!
Eguraldia guri adarra joten ibili zitzaigun, Oleskora heldu orduko atertu egin zuen.Honaino heldu da zapatuan egin genuen ibilalditxoaren kontua, gustatu zaizue? Ezer gehiago badaukazue sartzeko badakizue zer egin behar duzuen, sartu. Argazkiak handitzeko gainean jarri arratoia eta klikatu.
Hurrengo ibilaldia otsailaren 27an egingo dugula esan dit "Txiki"k. Aterako ditugu kartelak. Ondo bizi.
1 comentario:
Argazkiak ederrak eta iruzkinak bikainak! Euriak burua ilundu beharrean argitu egin zion erreportariari, antza! Hori da etorria, hori!
Hurrengo txangoa otsailaren 27an izango ei da. Eta horreri errematea emoteko txokoa?
Ani.
Publicar un comentario