Pages

2011/06/10

Asteburuko eguraldia asmatu nahian

Zelan gabiltza berbalagunok? zelan joan da astea?

Aurreko zapatuan Mintza Eguna ospatu genuen Elizondon. Egun pasa ederra egin genuena Nafarroa aldean. Gernikatik 29 lagun joan ginen. Makina bat barre eta dantza egin genuen, giro ezin hobean. Antolatzaileek lana oso ondo egin zuten eta harrera oso ona egin ziguten Euskal Herri guztitik etorri ginen berbalagun guztioi.


Eguraldi aldetik, oso aro ona egin zigun, uste baino hobea. Uste dut parkatuko didazuela izandako hutsa, baina den dena asmatuz gero, eguraldiak daukan xarma, galdu egingo luke.

Oso ondo pasa genuen eta gonbitea bidaliko nuke inoiz etorri ez direnentzat, datorren urtean etorri, giro ona bermatuta daukazue-eta.


Gu gure aldetik eguraldi kontuekin jarraituko dugu.


Gaur barikua, eguraldi goibelarekin esnatu zaigu eguna, zirimiri edo langar apur batekin. Tenperaturak 15 graduren bueltan ditugu goiz honetan, zeru estaliarekin. Inguruko mendiak 500 metrotik gora edo lainopean daude(Oiz, Iluntzar...) eta ezin ditugu ikusi. Badirudi arratsalderako atertzen joango dela, gure eskualdean aterri eutsiz gehienbat, baliteke goietan zer edo zer botatzea baina ezer gutxi. Kostaldetik ostarte txikiren bat edo beste ikus genezake, sarritan gertatzen den fenomenoa baita, fronteak alde egiterakoan lainoak kateatuta geratu mendi inguruetan eta kostaldean argiagoa geratu. Busturialdean herri batetik bestera alde handia dago adibidez, Mendatako Urrutxua auzunean ilunago egon daiteke eta Bermeon, ostera, askoz be argiago.



Bihar zapatua, eguraldi goxoa izango dugu. Goizean goiz behe laino eta erreka laino batzuk egon daitezke beheko ibarretan (Muxika, Forua, etab), baina gero eguerdirako ostarte politak zabalduko dira. Eguzki ordu asko izango ditugu, tenperaturak 22 -23 gradu bitartean, eguneko epelenak. Hondartzako sasoia zabaldu denez, egongo da bai jendea gure kostaldean. Bertan itsas haizea ibiliko da eta giro ona izango da bai. Uraren tenperatura 18 graduren bueltan dabil, eta pixka bat kostatuko zaigu uretara sartzea. Oro har, egun sanoa biharkoa eta aprobetxetako modukoa.


Etzi domeka, hego ikutuko haize suabea ibiko da eta tenperaturei gorakada bat emago die. Eguneko altuenak 28 -29 graduren bueltan ibiliko dira barrualdeko bailaretan(Durangaldea, Arratialdea...), baina kostaldean ez da horrenbeste igarriko gorakada, bertan itsaz haize leuna ibiliko baita. 23-24 graduren bueltan utziz tenperaturak. Goizean zeru oskarbiak izango ditugu eta eguzkia jaun eta jabe. Arratsaldean barrualdean egon den beroak, bero lainoak garatuko ditu mendi inguruetan eta baliteke trumoiak jotzea barrualdean, zaparradaren bat edo beste botaz inguru haietan, gurean ez dt pentsatzen ezer botako duenik.


Asteburu on baten aurrean gaude eta aprobetxa dezagun. Aupa berbalagunok eta eutsi euskarari!

1 comentario:

Anónimo dijo...

Eguraldi ona pozik iragartzen dozula dirudi, Joseba. Ea bete betean asmatzen dozun, gure poza be betea izan daiten. Zehaztasun asko emoten dozu eta hutsegiteren bat edo beste be parkatzeko prest nago ni. Bihar arte. Ani.