Pages

2009/04/30

EUSKAL ERROMERIA

Euskal dantza ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko "Euskal erromeria" antolatu dugu. Nahi duzuen guztiok ikastaroan ibilitakoek, zein ibili ez zaretenok ere dantzan egiteko aukera ezin hobea duzue.

Hau da herrian zabaldu dugun kartela:

2009/04/26

Bizkargitik Arburura eta Arburutik Atxeli mendira

"Kukuak primaderan egiten du kuku"

Apirilaren 4an, 33 lagun mendirik mendi ibili ginen. Gernikatik Autzaganeraino autobusez egin genuen eta gure lehen mendia Bizkargi izan zen, gero Arburu eta handik Atxelira.
Bizkargitik, Guda Zibilean burdin garrikoa izan zenaren gotorlekutik, Muxika inguratzen duen paisaia ikusi genuen, batez ere hego-mendebalde aldea.
Arburuko maldan Urdaibaiko biosfera erreserbaren mugan ibili ginen. GR98a da Urdaibaiko Biosfera erreserbari buelta ematen dion seinalizatutako ibilbidea.
Atxeli mendia.- Errepublika garaian galasota zegoen mendietan gurutzeak jartzea, Atxelikoa ere kendu egin zuten, baina 1932ko urriaren 8an zazpi gaztek eta idi busterria lagun 8 metro eta erdi luzeran eta 2 metro eta erdiko besoak zituen gurutzea jaso zuten Usparitxatik Atxeli gainera eta zutunik ipini. Eurenak eta bi egin zituzten estrata zaharretan gora, eta balentria hori gauez egin zuten.

Atera genituen 110 argazkietatik 34 aukeratu ditugu ea gustatzen zaizkizuen:

Autobusetik jaitsi eta taldearen argazkia atera genuen Autzaganen.
Seinale horretan Bizkargi kilometro bira dagoela dio.

BERBALAGUN taldeetan ere hori egiten da, euskera gehitxoago dakienak gutxitxoago dakienari laguntzen dio eta gure irteeretan ere gauza bera, mendian ibiltzen ohituta daudenek gutxiago ibiltzen direnei lagundu, besteen martxan ibili eta ahal dela batera heldu mendi gainera. Ekin Nerea neuri ere kostatu zitzaidan aldapa gogor hori igotzea-eta.
Azalpenak hemen, azalpenak han, batzuek ingurua ondo baino hobeto ezagutzen dute, ezta?
Iturri horren kontuak ere batzuek majo ezagutzen dituzte. Andrinuak eta Orkonek badakite horren gainean zeozer. Zer azaldu zenuten, beherago dagoen putzu bat betetzen denean berez zarratzen dela iturri hori? Azaldu hemen berriro, mesedez.
Hara artzain antza daukate hauek, makila besapean eta kontu kontari ikusten ditugu.
Ana, Marije, Txaro eta Xabier ondo zaudete? zeuon ikusi beharrak ez dauka akaburik gero!
Taldeko batek kontatu zuen hor behean agertzen den lehenego etxean eurak bizi izan zirela; etxearen izena ere aipatu zuen, baina ez genuen apuntatu. Nork daki nola duen izena etxe horrek?
Heldu ginen Bizkargira, zeozer jan, irrintziren bat bota eta Santa Kurtz ermitari agur egin genion maiatzaren 3ra arte.
Batzuek fruitu lehorrak, ogitartekoa edo fruita jaten dute beste batzuek, ordea, ez loditzearren hori ere ez. Jan ezazue jan, fraka berri handiagoak ere saldu behar dituzte-eta!
Zertan daukagu hor Hilario belauniko, errezetan? Ezetz jakin Katalunian neska-laguna esateko nola esaten duten, galdetu Dabid-i horrek badaki-eta. Nola da "novia" katalanez?

Zuhaitz kontuetan ezjakinak gara, pinuaren aurrean dagoen zuhaitz hori zer da pagoa? Bateren baten omenez sartu zutela aipatu zuten, baina zer den zalantza daukagu. Zer da?
Arburu, mendi polita benetan! Egun argia eginez gero paraje ederrak ikus daitezke bertatik.
Arburu atzean utzi eta hor goaz Atxelirantz.
Hemen Gorozikako barnetegiko neskak ere!
Eskerrak Bermeoko Hilario gurekin etorri zen, bestela ea nola pasatuko ginen arbola horren azpitik, horrek dauka indarra horrek!.

Atxeli mendian Balendin Enbeitak gurutzeari jarritako bertsoak abesten; doinua ez genuen ondo jakin, baina Txaroren belarri onari esker atera genuen.
Lehenengo bertsoa: Gazte nintzala talde bat gendun/ euskaldun jatorra eta fededun/ hartu genduan erabagia/ jartzeko gurutz paregabia/ esan ta egin/ jarri genduan ATXELI MENDIN/ herri osoan ikusi zedin.
Ederto ezta?
Atxeli egunean denek batera abesten dituzte harrian idatzita dauden bertsoak.
Bigarren bertsoa: Zortzi metro ta erdi luzeran/ bi metro ta erdi zan zabaleran/ aldapan gora geroan pozez/ noizik behin jausten ginean auspez/ zazpi mutilak/ danok sasoiko eta abilak/ borondatezko bihotz umilak.

Txakale auzorantza ez, Usparitxarantz egin behar dugu. Aurreko irteeran Ordorikatik eta Ariatzatik ibili ginen, zenbat auzo dauzka Muxikak bada? Nork daki?
Atxelirantza markatzen du seinaleak ezta Alberto?
Han barrenean ikusten den kea zein lantegitakoa da?
Laino beltz horiek euria dakarte.
Hona hemen Usparitxa-Jauregi baserria, Balendin Enbeita jaio zen baserria.

Aitorrek eta Imanolek egindako "kurtzekiak" eskuetan hartu zituen Xabierrek argazkian hobeto ikusteko. Ohitura den bezala, horiek Erramu Igandean eleizara eramango zituzten bedeinkatzeko. Usparitxakoei esker ohitura hori oraindik mantentzen da. Badakizue ezer horretaz?
Harrera beroa egin ziguten Jauregikoek, euren lana albo batera utzi eta Imanolek ermitako giltza hartu eta ikusi nahi izan zuten guztiei erakutsi zien, Aitorrek eurek ekoiztutako txakolin boteilak eskaini zizkigun. Hauek bai eskuzabalak!

San Isidro ermita ondo zainduta dago, baina zer da bada, autoak aparkatzeko aingura erabiltzen dute?
Hara Jose Luisen poza, euskara ikasten ibili zenean baserri honetan hainbat egunetan egin omen zuen lo. Ezusteko ederra ezta?
Han barrenean Ariatza ikusten dugu, horraino heldu eta nahi duenak Atxelipe txokoan tragoren bat hartuko du, nahi duenak Gernikaraino oinez egitea dauka eta nekatuta dagoenak autobus geltokian autobusa hartu eta habiara.
Hara Usparitxakoek-eta nola zaintzen dituzten mahastiak. Ezin da txakolin txarrik atera hortik!
Hauei labur egin zaie ibilbidea; hala espabilatu denek alde egin dizute-eta.

Honaino geure erreportajea, gustatu zaizue?

2009/04/16

"Ezetz Jakin" lehiaketa

Martxoko "Ezetz Jakin" lehiaketan 109 lagunek hartu dute parte eta erantzun guztiak guztiz ondo jarri dituztenak 77 izan dira. Hilabete honetako saria Alboka jatetxeak eman du.

Ander Iturbe Rementeria irabazlearen izenean Aitor Jaiok jaso zuen Karmele Arrasateren eskutik bi lagunentzako afari txartela; sari banaketan eurekin batera Idoia Fernandez Euskera zinegotzia, Joana Urrutia Aita Villasante Udal Euskaltegiko idazkaria, Igone Olabarria Gernikako AEK-ko zuzendaria eta Pili Ibarra BERBALAGUNeko dinamizatzailea.