2012/01/30

Urtarrilaren 28an Ereñozarrera

Urtarrilaren 28an, zapatua, Gernika-Lumo - Barrutia - Elorriaga - Zabala - San Lorentzo ermita - Omako Baso margotua - Oma - Gabika - Ereñozar - Errekalde - Zelaieta - Kortezubi - Enderika - Barrutiabaso - Barrutia - Gernika-Lumo egin genuen. Goizeko 9:00etan 43 lagun ausart elkartu eta bideari ekin genion.

Zer ikusi genuen?


Barrutia dorretxea eta San Lorentzo ermita. Omako harana eta Baso margotua. Ereñozarren ermita, gaztelua, nekropolia eta bertatik ikuspegi panoramikoa. Gautegiz-Arteagako errotak eta Urdaibaiko mendi ibilbide eta bidegorri sarea.


Gure asmoa Arteagatik autobusez itzultzea zen, baina berandu heldu ginen eta itzulera ere, oinez egin behar izan genuen, 21 km guztira. Mela-mela eginda, baina pozik eguraldiak gehiago ez zigun egin-eta.
Taldearen argazkia San Migelen atara genuen, talde osoarena-edo, Arantza eta Pili non daude, bada? Ereñozarrek 447m ditu. Ermitaren azpian badira mende askotako asentamenduen aztarnak. Gaztelua, ermita zaharra eta nekropolia dira, besteak beste, tontorrak gorderik dituen aztarnak.

Barrutia Dorretxea da hau, ala Elorriaga? Hitzordura berandutxuago agertu ziren Ameli eta Melani? itxaroten egon ginen eta orain hor goaz aurrekoak harrapatu ezinik.



San Lorentzo ermitan lehenengo geldialdia egin genuen. Bertan, triptikoak banatu eta Iratxek irteeraren gaineko azalpenak eman zizkigun.
Aterri zegoen eta gu pozarren geunden.
Iratxek ez ezik beste guztiok ere, bageneukan zeozer esateko. Hara Juan Kruzen, Aniren eta Goioren azalpenak eman beharra!
Arantzak, Soniak, Marisak, Silviak eta Mari Karmenek ere euren solasalditxoa egin zuten.

Ezetz jakin non gauden!


Hemen, argazkiak ateratzen geundela euria hasi eta berbalagunokin bat egin zuen.

Hori gorridun hori, zer da zuhaitzetako marrazkia? Erdi erdian jarri eta mugitu ere ez da egiten.


Zuria, gorria eta beltza dira lehen artelanen koloreak. Beranduago kolore eta forma anitzak erabili zituen Ibarrolak.

Hona hemen gure neguko lorak!


Langileak, umeak, sorgina, basoko animaliak, muxua, begiak, ortzadarra, tximista, ... basoan aurkituko ditugun irudiak.


... eta lorak zaintzen gure artzainak, ...


1982an hasi zen Agustin Ibarrola bere etxe inguruko pinu landaketetan murgildu eta gaur egun horren ezaguna den arte lan hau margotzen.

Txano-gorritxu eta txano-urdintxu pozik ibili ziren.


Margo zuria, berak eskuz egindako eskailera eta emaztea lagun zituela barneratzen zen basoan hasierako urte haietan.


Hauek txanorik ez, baina guardasol ederra bai gero!


Lerro zuzen bat margotzeari ekin zion urte hasieran. Paperean hain sinplea dena erronka paregabea bilakatzen da oihalaren ordez paisaia erabiltzen denean.

Bai mutilek, maletan dituzuen denak atera, ez bustitzeko dena beharko duzue eta.

Eguraldi txarrari, aurpegi ona.

Gure artzainak nondik joan eztabaidatzen.

Heldu gara Omara.


Omako harana, auzoko duen Basondo haranarekin batera, gure eskualdeko txokorik ederrenetakoa da.

Bertako baserri, erreka, errota eta ermitak iraganeko nortasuna mantentzea lortu dute. Harana zeharkatzen duen Oma erreka haitz artean galtzen da barriro ere Gautegiz-Arteagan agertzeko.

Batzuk talaiatik ingurua ikusten, ez da horrela Andriu?

Gune honetan gure Ainhoa ibili zen argazkilari, gure argazkilari profezionalak huts egin zigun-eta.

Batzuek txokolatezko magdalena ederrak eraman zituzten, besteon enbidiarako.


Jan, jan, buelta luzea duzue oraindik eta.

Behea bustita eta inon jezarri ezin!

Hamaiketako ederra, ezta neskak?

Joserra, zelako zerbitzariak dauzkazun, baina!

Gure Patxi, zer pentsatzen ote dago?

Iñaki, hotzagatik ala erretzen zaudelako da ke hori?


Arteagako Errekalde errota.

Errekalde baserria.

Basatzan garra-garraka ibiliz gero hara zer pasatzen den, goitik behera basaz beteta etxera. Baina ez pentsatu denok horrela etorri ginenik, baldarrenak baino ez.


OHARRA: Otsaileko irteera 25ean egingo dugu, Gernika-Lumo - Fruiz. Goizeko 9:00etan udaletxe aurretik irtenda.


2012/01/20

Mendi irteera 28an, Ereñozarrera

Urtarrilaren 28an mendi irteera egingo dugu. Goizeko 9:00etan udaletxe aurrean elkartuko gara Ereñozarreraino joateko, guztira 16 km izango dira. Itzuli autobusez itzuliko gara, Arteagatik.


Erdu gurekin inguruak ikusiz gozatzera, lagun berriak egitera eta euskeraz, jakina!


2012/01/19

Urtarrileko "Ezetz jakin" lehiaketa







Hemen duzue urtarrileko "Ezetz jakin" lehiaketa. Bete eta urtarrilaren 28rako sartu kultur etxean dugun buzoian. Oraingo saria LEZAMA jatetxeak emango du.



2012/01/12

"Euskal dantzak", ikastaroa

Bosgarren urtea da "euskal dantzak" ikastaroa antolatu duguna. Hamabi asteko ikastaroa izango dugu astearteetan, iluntzeko 20:15etatik 21:15etara. Aurten hamar euro ordaindu beharko da izena ematerakoan. Irakasleak Leire Martiartu eta Zirats Atxikallende izango dira. Egun gutxi geratzen dira izena emateko, beraz, espabilatu!.

2012/01/11

"Ezetz jakin" lehiaketa, abenduko irabazlea

Abenduko "Ezetz jakin" lehiaketa Barrutialdeko Institutuko irakaslea den Sorkunde Ugalde Salinasek irabazi du. Bi lagunentzako afaria JULEN jatetxean. 73 lagunek hartu dute parte lehiaketan.

Ikusi 2012-01-12ko CORREO eta egun bereko Busturialdeko HITZAn agertzen diren albisteak.


Urtarrileko lehiaketa kalean da jadanik eta saria Lezama jatetxeak emango du. 28ra arte izango dugu epea bete eta Kultur Etxean dugun buzoian sartzeko.

Nork jakin, hurrengo saria zeuretzat izan daiteke!