2013/02/27

Jon Maiaren RIOMUNDO 2013-02-28an

Otsailaren 28an, ostegunean, Jon Maiak RIOMUNDO liburuaren gainean hitz egingo du Gernika-Lumoko kultur etxean, 19:30ean. Joan gura duzuenok hemen duzue bertaratzeko gonbidapena.

Aurreko ostegunean, 21ean, egitekoa zen, baina Kanadan arazo batzuk izan zituen, hegaldiaren arazoak, eta ezin izan zen etorri. 
 
Oharra: liburua sinatzea gura baduzu, ekarri.


2013/02/25

"Azaletik sustraietara"



"Azaletik Sustraietara" Euskal musikaren azalak 50 urte. Antolatzailea: Emankor sarea. Ikusgai izango da Elai-Alai aretoan otsailaren 28ra arte. 
Astelehen goizetako ia talde osoak bisita gidatua egiteko aukera izan genuen. Dorok bideratu zuen bisita eta emanaldi guztiak, Madonaren bideoa ere. Ondo gustura egon ginen, ordu betean, hamarkadaz hamarkada gure gustuko musika entzuten eta bergogoratzen.

Mendi irteeran banatutako triptikoa


Mendi irteeran honako triptiko hau banatu genuen. Oraingoan, Iratxek ez zuen hori egiteko astirik izan, baina Moisesek bai.

2013/02/22

Elurraren zain, mendi irteera

Kaixo berbalagunok!

Otsaileko mendi irteera daukagu asteburu honetan. Oraingoan, Gernikatik hasi eta Zugaztietan amaituko dugu, Eperlanda, Ajurias, auzoak ezagutuz, guztira 14 km ko ibilbide ezin politagoa.

Hilabete guztietako txangoan egiten dugun modura, hemen doa asteburu honetako eguraldi iragarpen zehatza. Elurra eta hotza izango da hizpide. Gernika bera zuritzea espero dugu larunbatez. Negu gorriko egoera baten atarian gaude, negu honetan lehengoa. Negu oso bustia izan dugu, tenperaturak ez dira izan hotzegiak, izotz konturik apenas izan dugu eta elur matazarik ez dugu usaindu ere. Otsail txikiak badirudi, azkenean ere elur kontuak ekartzeko prest dagoela.

Ostiralez, tenperaturen beherakada nabarmena sentituko dugu, eguneko momenturik epelenak goizean goiz izan dira, baina orduak aurrera egin ahala tenperaturek beherantz egingo dute. Goizeko 7:30ean 8 gradu izan ditugu eta orain 11ak direnean 5 gradutara jaitsi da jada. Oiz mendian zeropean daude eta antzigarra eta izotz  beltza izango da bertan nagusi.
Antzigarra, lainoen hezedurak eta zeropeko tenperaturak sortutako fenomenoa da, zuhaitz adarretan izotz zuria sortzen du.
Prezipitaziorik ez dugu izango apenas, eta ipar ekialdeko haize bihurria hezurretaraino sartuko zaigu.

Larunbatean, goizean goiz 0 gradu inguruko tenperaturetan esnatuko gara. Zerua lainotuta egongo da, goietan izotz beltza izango dugu, zeropean izango baita tenperatura. Baliteke elur hauts apur bat botatzea baina gauza handirik ez. Orduak aurrera egin ahala prezipitazioa zabaltzen eta areagotzen joan da. Elurra ikusiko dugu edozein mailatan baita itsas ertzean ere, arratsalde gau partean, Gernika zuritu daiteke. Eguneko altuena 2 gradutan geratuko da, orduan txano eta guanteak behar beharrezkoak izango dira. Egun oso hotza negu gorriko egoera larunbatekoa

Igandean, prezipitazioa ugariagoa izango da, baina elur kota zertxobait altuago izan daiteke, orduan hemen behetan elur bustia eta txingorra nahastean izango da. Goietan, Nabarniz, Mendata eta halakoetan elurra dezente izango da egun osoan. Ez harritu trumoiak ere jotzen badu eguneko uneren baten, desegonkortu egingo baita atmosfera. 5.500 metrotako altueran -33 gradu izango baitira. Oso aire hotza da gure ingururako.

Badirudi negu gorriko egoera honek, asteartera arte eutsiko diola. Orain arte ikusi ez dugun elurra oraingoan ikusiko dugu eta otsail maltzurrak  bere ospeari kasu eginez, berana ekartzekotan da aurton ere. Goza dezagun elurrarekin, gure inguruan ez da ohikoena eta.

2013/02/20

Jon Maiaren RIOMUNDO liburua 21ean

Hemen duzue 21ean, ostegunean, Jon Maiaren hitzaldian parte hartzeko gonbidapena.
Kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:30ean, erakusketa aretoan.

2013/02/19

KORRIKA 18ren aurkezpena Gernika-Lumon


KORRIKAren aurkezpena egin genuen aurreko ostegunean, otsailaren 14an, kultur etxeko erakusketa aretoan. 
Oraingoan, KORRIKAk euskera ikasleak omenduko dituenez geuk ere gure omenaldi xumea egin gura izan genien geure inguruan euskera ikasten dabiltzanei. Euren asmoak, sentipenak, poztasunak, eta emozioak euren ahotik entzun nahi izan genituen. Horretarako Foruko barnetegian ikasten ari diren batzuk (Patxi, Benito eta Helene), BERBALAGUNen dabilen Silvia eta etorkinen taldeetan dabilen mutiko bat gonbidatu genituen aurkezpenera.
Hemendik aurrera izango dugu KORRIKAren berri. Gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan kultur etxean, eraketa batzordean parte hartu gura dutenei dei berezia egin die AEK-k.
Parte hartu ea denon artean KORRIKA 18a ondo ateratzen dugun!

2013/02/15

Mendi irteera 23an

Otsaileko irteera 23an egingo dugu. Gernika-Zugaztieta egingo dugu oinez eta itzulera trenez, 14km izango dira. Beti bezala, goizeko 9:00etan kultur etxearen aurrean geratuko gara.
Eman izena AEKn edo Aita Villasante Udal Euskaltegian.

2013/02/14

Otsaileko "Ezetz jakin" lehiaketa


Hemen duzue otsaileko "Ezetz jakin" lehiaketa. Nahi izanez gero hemendik deskargatu, bete eta hilaren 23rako kultur etxean daukagun buzoian sartu. Saria IPAR taberniek emango du.

2013/02/11

Guk haratusteetan ahizko tostadak

Zapatuetako talde honek bai sortea! Saioaren amak, Mari Purik, urtero egiten dizkigu ahizko tostadak eta urtetik urtera gozoagoak. Gehienok 8-8,5-9ko puntuazioa eman genien, hurrengo urtean ere ahalegina egin dezan izan zen nota hori, 10eko nota ezin da eman bestela topea emanez gero ez dago hobetzerik-eta.
Eskerrik asko!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

Zer Joseba? Ez zinen etorri eta tostadak jan barik geratu zinen. Damututa, ezta?

2013/02/07

Urtarrileko "Ezetz jakin" lehiaketaren saria

Gaur jaso du Irati Etxebarrieta Romanek AUZUNE jatetxeko Goianeren eskutik urtarrileko saria. Sari ona izan da oraingoa, antza, 98 lagunek parte hartu dutelako. Hala ere, erantzun guzti guztiak ez dira guztiz zuzenak izan, 67 izan dira ondo erantzundakoak. 
Otsaileko "Ezetz jakin" lehiaketa martxan dugu.
Jaso lehenbailehen papera, bete erantzunak eta kultur etxean dugun buzoian sartu eta ea Ipar taberniek emango duen saria zuri egokitzen zaizun!

2013/02/04

Irrintziak, hobekuntza ikastaroa

Urtero moduan, irrintzi ikastaroa antolatu dugu, baina oraingoan hobekuntza ikastaroa izango da. Batez ere, arnasketa, luzera eta amaierak landuko ditugu. Ikastaroa dohainekoa izango da eta parte-hartzaileek diploma jasoko dute. Amaia Garcia izango dugu irakasle.
Non eta noiz izango da? Pasealekuan otsailaren 7an, osteguna.

Parte hartu gura duenak izena eman beharko du AEKn edo Aita Luis Villasante Udal Euskaltegian.

2013/02/01

San Blas kordela prest

San Blas kordela prest daukagu. Urtero bezala, Estherrek gure BERBALAGUNkideak asteartean ekarri zigun bakoitzari bere zatia. Oraingoan, gorria tokatu zaigu. Guk bai zortea, ordaindu barik eta samarako kordela asteartetik gurekin. 
Iaz bedeinkatuta omen daude, beraz, ez dugu samako minik eukiko.
Gora KOTOI denda eta gora San Blasak!