2014/11/27

Zapatuko irteeran banatuko dugun triptikoa



Zapatuko mendi irteeran banatuko dugun triptikoa duzue hau. Dena delakoagatik gurekin etortzerik ez baduzue, hemendik jaso eta hurrengoan zeuon kontura egin ahal izango duzue ibilbide polit hau.
Oraingoan, Iratxek marka guztiak hautsi ditu; irteera baino egun bi lehenago prest izan du triptikoa. 
Zorionak Iratxe!!!!!!

"Txu-Txu"ko gazte batzuk ere gurekin etorriko dira.

Nagiak atara, eta erdu gugaz!

2014/11/25

"Ezetz jakin" lehiaketa betetzeko azken egunak


Azaroaren 28ra arte duzue lehiaketa bete eta kultur etxean dagoen buzoian sartzeko.
Gernika-Lumoko kaleen historia ezagutzeko parada ezin hobea duzue galdera horiek. Erantzuna non bilatu ez dakizuela? bada, pista batzuk emango dizkizuegu. Aztertu Gernika-Lumo kalerik kale liburua, baita toponimiaren liburua ere; zuen nagusiek ere jakin dezakete kale horien historia zein den.
Hiru Saku tabernan dohainik afaltzeko aukera aparta eduki dezakezue.

2014/11/24

Abenduaren 3an "Hamaika orduko irakurraldia"

Abenduaren 3an, Euskararen eguna dela-eta, azken lau urteetan "Hamaika orduko irakurraldia" antolatu dugu. Aurten, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburua irakurriko dugu. Goizeko 9:00etan hasi eta 20:00ean amaiera emango diogu.
Liburuaren azken zatia idazleak berak irakurriko du.
Parte hartu gura duzuenok eman izena liburutegian eta bertan irakurri beharreko zatiaren kopia jasoko duzue. 

Egitarauan ikusten duzue abenduaren 2an Bai euskarari ziurtagiriaren banaketa egingo dela 20:00etan.

2014/11/19

Mendi irteera 2014-11-29an

Azaroko mendi irteera prest, 29an egingo dugu. Gernikatik Gautegiz-Arteagaraino joango gara, handik Bizkaibusean itzuliko gara.
Honako hau izango da ibilbidea: Gernika-Lumo- Kortezubi- Gautegiz-Arteaga- Ozollo-ARTADIA- Zendokiz- Muruetagana- Gautegiz-Arteaga.
Guztira 16 km izango dira; goizeko 9:00etan kultur etxearen aurrean elkartuko gara eta 4:30 ordu elkarrekin egingo ditugu.

Animatu eta eman izena AEKn edo Udal euskaltegian.

2014/11/17

Auzolanean, oheko tapakia martxan

Bagabiltza josi eta josi auzolanean. Momentuz, herri hauetakoak ari gara: Gernika-Lumo, Bermeo, Forua, Errigoiti, Ea, Ereño, Muxika, Ajangiz, Kortezubi eta Mendata. Ea falta diren herrietakoak animatzen diren: Mundaka, Busturia, Murueta, Ibarrangelu, Elantxobe, Arteaga, Arratzu, Sukarrieta eta Nabarniz.
Ostegunetan, 19:00etan aritzen gara Gernika-Lumon, lehengo "Correos" bulegoan.
Bermeon, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan elkartzen dira.
Kontuak ateratzea ez da erraza, baina 50 lagunetik gora bai bagabiltza josi ta josi. Batzuk agintzen eta beste batzuk egiten.
Darabilgun Pachtwork teknika honi "log cabin" ingelesez edo "Almazuela" gazteleraz deitzen omen zaio.
Hara, gure jostunkide gidariak, Marije Garabietak, egin dituen konbinaketa posiblea.
Zein gustatzen zaizue gehien, goikoa ala behekoa?
Eman zuen iritzia eta boto gehien jasotzen dituen modeloa egingo dugu.

2014/11/07

Eskualdean, oheko tapakia auzolanean

Atzo egin genuen lehenengo batzarra, baina batzarra izango zena ikastaro bihurtu genuen. Marije Garabieta irakasleak josten jarri gintuen, eginez ikasten dela-eta.
 Bermeotik, Arteagatik, Forutik, Gernika-Lumotik eta  Muxikatik etorri zen jendea. Ea falta diren herrietakoak animatzen diren eta eskualdeko herri guzti-guztiek parte hartzen duten proiektu honetan!
Batzuk jostorratzarekin iaioak dira, beste batzuk, ostera, ideiarik be ez. Baina auzolanean denok egin genezake aurrera.
 Ordu biko saio horretan hiruk, behintzat, lauki osoa egin zuten. Beste batzuek, aldiz, mingaina martxan ibili zuten, besterik ez.
 Martxa honetan, laster daukagu guk "sobrecama" hori eginda.
 Irakasleak denetarikoa eraman zuen, eskerrak! gu esku hutsik joan ginen-eta.
 Honelako plantillak erabiliko ditugu, 120 plantilla. Lauki bakoitzak 15 zm bider 15 zm eta 13 oihal desberdin dauzka. Beraz, 1.560 oihal zati josi behar dugu hasieran; montajea, hegalak, barrukoa eta atze partea gero etorriko dira.
Eta honelako koloreak izango ditu gure tapaki horrek.

Oharra: Datorren ostegunean, 19:00 etan berriro leku berean elkartuko gara, lehengo "Correos"eko lokalean, Elai-Alai aretoaren aurrean dago.
Parte hartu gura duzuen guztiok dituzue ateak zabalik. Erdu eta gurekin josi!.

2014/11/06

Azaroko "Ezetz Jakin" lehiaketa


Ikasturteko lehenengo lehiaketa martxan! Oraingoan, ALDABA aldizkariak prestatu dizkigu galderak, den-denek Gernika-Lumoko kale edo plazekin zerikusia dute. 
Erantzunak bilatzeko jo Kalerik-kale liburura, edo toponimia liburura, edo Internetera, edo familiakoei galdetu, edo turismo bulegokoengana jo, edo ... Pista onak eman dizkizuegu, ezta?
Orain arte bezala, bete galdetegiaren orria eta izen-abizenak eta telefonoa jarrita sartu kultur etxean dugun buzoian. 
Ea HIRU SAKUn dohainik jateko aukera duzun!

2014/11/05

Auzolana eskualdean KORRIKAra begira

Gure egitasmoaren "lehenengo laukia" irakaslea izango denak josi du.
Gaurko Busturialdeko HITZAn agertu den albistea duzue honako hau:
Hara zer bururatu zaigun oraingoan, "oherako tapaki bat" egitea auzolanean; Gernika-Lumoko eta Bermeoko Berbalagun dira honen bultzatzaileak.
Goian agertzen den moduko 120 lauki egin beharko ditugu parte hartzen dugunok, eta jakina, zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta lan gutxiago egin beharko dugu bakoitzak.
Bihar, Gernikan lehen "Korreos" izan zen lokalean, Elai-Alai aretoaren aurrean, 19:00etan, egingo dugun lehenengo batzarrean, azalduko dugu proiektua nolakoa den eta bertan banatuko ditugu  laukien plantillak, erabiliko ditugun oihalak (jadanik zatituta) eta hurrengo batzarra noiz egingo dugun zehaztuko dugu.
Urtarrilaren amaieran amaituta eduki nahiko genuke tapaki hori. Beraz, hiru hileko lana aurrikusten dugu.

Egingo dugun "sobrekama" horren zozketa KORRIKA sasoian izango da.
Animatu eta "lotsarik gabe" parte hartu!!!!