2011/04/23

Mendi irteera apirilaren 30ean

Mendi irteera antolatu dugu Aste Santuan herria zaintzen geratu garenontzat. Hilaren 30ean, zapatua, Gernika-Lumotik Bermeoraino mendirik mendi joango gara eta itzulera trenez egingo dugu.


Erdu eta gozatu inguruaz!

2011/04/21

KORRIKA 17

Ikaragarria izan zen Gernika-Lumok KORRIKAri egin zion harrera. Eskerrik asko KORRIKAn , modu batera edo bestera, parte hartu duzuen guztioi.


Hara, KORRIKA 3 Gernikatik pasatu zeneko argazkitariko bat. Zenbat urte pasatu ote dira?

2011/04/18

"Gernika sutan", herri antzerkia

"Gernika sutan" herri antzerkia izango da apirilaren 26an Gernika-Lumon. Guregana jo dute irrintzilari eske, badakitelako gure ikastaroetan irrintzilari batzuek diploma ere atera dutena.


Prest zaudete apirilaren 26an parte hartzeko? horrela bada, etorri 25ean arratsaldeko 17:00etan Lizeo antzokian izango den entsaiora.

2011/04/15

KORRIKA gure artean, eta eguraldia?

Beste aste batez, hementxe gara gure eguraldi iragarpenarekin. Asteburu berezia oraingoa, KORRIKA gure eskualde barrena ibiliko da, zapatuz hain zuzen ere. Beraz, badakizue hasi zaitezte zuen hankak berotzen eta luzaketak egiten, hemen daukagu euskaltzale eta euskalakarien bi urterik behin daukagun zita-eta.

Gaur, ostirala eguraldi goxoarekin esnatu zaigu, erreka laino batzuk eta laino maskal batzuekin zeruan, baina bat ere ikararik ematen ez dutenak. Ihintza edo garo pixkat bat egin du goizaldean, baina orduak aurrera egin ahala tenperaturek gora egingo dute eguzki goxotasunaren laguntzaz.


Bihar, larunbata KORRIKA eguna geurean, eguraldia lagun izango dugu goizean goizetik. Goizean tenpertura freskoak izango ditugu ihintza, garo eta erreka lainoekin nahasean, baina laister eguzkiaren laztanak igarriko ditugu. Gaurkoan baino eguzki ordu gehiago izango ditugu, horrela tenperturak gaurkoak baino epelagoak izango dira, eguerdi partean 19 - 20 gradu inguruan. Eguraldia ez da aitzakia izango Korrikarik eta arin aringarik ez egiteko. Sollubeko gainatik sartuko da euskararen jaia eta gure inguruak bustiko ditu.


Igandea, udaberri eguna eta jai giro eguna. KORRIKA 17 Donostian bukatuko zaigu aurton, jai giroa nagusi, milaka lagun, kontzertu, herri bazkari eta kontu ugari. Eguzkia jaun eta jabe izango da bere printzak KORRIKA-ri kinu eginez eta bere goxotasuna eta babesa eman nahian


Asteburu bete-betea oraingoa, eta eguzkia gure Berbalagun izango dogu. Animo guztioi, aupada handi bat KORRIKAri. Aupa BUSTURIALDEKO BERBALAGUN eta Euskal Herri osokoari.


Oharra: Aste santua ganean daukagu, eta jendea hortxe egongo da zain zein eguraldi egingo. Albiste onak ditugu, asteburuko egualdi goxo honek jarraipena daukala dirudi eta epe luzera ere ez da okertze handirik ikusten.

2011/04/10

"Erromeria" apirilaren 12an

Apirilaren 12an "Euskal erromeria" egingo dugu Pasealekuan, iluntzeko 8etan hasita; Segundo Olaeta Musika Eskolakoak izango ditugu laguntzaile. Etorri gura duzuen guztiok, denok zaudete gonbidatuta. Ekarri soinean jaietako kuadrodun zapia. Plazan ikusiko garelakoan, aire, aire,...!

2011/04/07

KORRIKA HASI ZAIGU

Gaur apirilak 7, KORRIKA hasi zaigu Argantzunen 5 eta erdietan eta 10 egunetan Euskal Herri osoan ibiliko da euskararen lekukoa eskuz esku pasatzen. Animo ba Korrika , aurrera ba euskara eta eguraldia korrikarekin bat aurton.


Zalantzak ditut egutegiarekin, gaur apirilaren 7an ala uztailean gaude? A ze uda giroa! Betaurreko ilun eta udako jantziak nagusitu dira. Bero sapaia gurean daukagu asteartetik. Hondartzak gainezka, eskerrak ura ez dagoen oraindik epelen, bestela txarto pentsatzen hasiko ginateke-eta. Kontuz eguzki izpiekin, krema eman beharra dago, kixkaldu eta gero ez esan ohartarazi ez zaitugunik!


Bihar Ostirala, bero eta uda giroarekin jarraituko dugu. Antizikloia gure iparrean daukagu jarrita, Erresuma Batuak eta Frantzia artean. Bertatik hego eta hego-ekialdeko haizea bidaltzen digu, zeru argi eta gandu gabeko eguraldi zoragarri hauek emanaz. Tenperaturak goitik dabiltza, egin kontu ,1.600 metrotako garaietan 16-17 graduko tenperaturarekin. Horrela hemen, behetan 25 eta 30 bitartean izango dugu. Itsas ertzean itsasoko haizeari esker ez dirudi horrenbeste igongo dutenik, Bermeon eta itsasaldeko herrietan gustura hartuko dute.


Larunbatean aldaketa zantzuak igarriko ditugu. Goizean goizetik gandu eta behe laino gehiago izango da, seinale ipar ikutua hartuko duela haizeak. Eguneko tenperaturak beheragotik ibiliko dira eta eskertzekoak izango dira aurreko egunetakoekin konparatuz. Arratsaldean itsas laino gehigo izango dira, baina ez digute ikera handirik emango.


Igandean, laino gehiago eta tenperaturak jaitsi egingo dira nabarmen, baliteke mendi inguruetan zirimiri edo lanbro apurren bat izatea, baina uste dut aterri eutsiko diola egun osoan, bailaretan behintzat (Gernika-Lumo, Muxika, Busturia ,Bermeo...)


KORRIKA egun paregabeekin hastekotan da, eta badirudi datorren astean ere eguraldi goxoekin joango dela. Tenperatura freskoagoekin arin -aringa ekingo diogu eta Euskararen lekukoa lehorretik joango da EUSKALAKARIen eskuz esku.

KORRIKA 17

"Pausoz pauso EUSKALAKARI ..." "maitatu, ikasi, ari, ..." Ondo etorri KORRIKA!

2011/04/05

"Euskal Erromeria" hilaren 12an

"Euskal Erromeria" egingo dugu Pasealekuan, apirilaren 12an, iluntzeko 20:00etatik 21:30etara. Segundo Olaeta Musika Eskola izango dugu laguntzaile eta atsedenaldietan, Bizkaiko sagardoa edateko aukera egongo da. Dantzan egin nahi duzuen guztiok gonbidatuta zaudete.