2011/06/30

"Ezetz Jakin" lehiaketaren irabazlea

Uxue Bilbaok irabazi du ekaineko "Ezetz Jakin" lehiaketa eta Zallo Barri jatetxekoen izenean Eneko Ordorikak eman dio lagun birentzako afarirako gonbidapen txartela.

Saria jasotzeko unean eurekin batera argazkian agertzen direnak honako hauek dira: AEK-ko Igone Olabarria, Aita Villasante Udal Euskaltegiko Joana Urrutia, Busturialdean Euskaraz Bizi Taldeko Igor Orue, Udaleko Euskara Teknikaria Bittor Zarrabeitia eta Berbalaguneko dinamizatzailea Pili Ibarra.

Oraingoan, 59 lagunek bete dute lehiaketa eta horietako bat Madriletik heldu zaigu, postaz.

Datorren ikasturtera arte ez dugu lehiaketarik egingo, baina azaroan berriro izango duzue saria irabazteko aukera.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

2011/06/28

Mendi irteera eta ardo dastaketa

Ikasturteko azkeneko irteera egin genuen 25ean, Zugastieta-Ibarruri-Ajuria-Oka-Ariatza. Programatuta geneukan moduan 13:00etarako Ariatzan egon ginen 13 kmak eginda. Elkartu ginen 59 lagunok Urdaibai Patronatoak oparitutako txapel berdeak jaso genituen.


Ariatzako Atxelipe txokoan Ramon Bilbao ardoaren dastaketa egin genuen Igor Basterretxearekin, baina edateko jan egin behar denez gure sukaldari partikularrek makina bat pintxo prestatu ziguten.


Hona hemen Jon Mikelek ateratako argazki dotoreak:
Esturon atera genuen talde osoaren argazkia eta Iratxek prestatutako triptikoak banatu genituen.


Ibarruriko San Pedro baseliza, Bizkaiko landatar estilo gotikoko tenplu interesgarrienetakoa. Arku zorrotzeko etartea eta leiho bitxia dira ermitaren elementu deigarrienak.

Ibarruriko Andra Mari eliza, 1930. urtean eraikitakoa.


Eskualdean mantentzen den ferratokia. Garai batean auzo guztietan zeuden animaliei ferrak jartzeko erabiltzen ziren eraikuntza bitxi hauek.


Probatu barik ez gara geratuko, ezta "Torre"?


Mertzedariak etxe horretan egon ziren gaur egun Errenterian duten konbentura joan baino lehen.


Burdaria auzorantza goaz.


Aldats batzuk igo eta laster gaude goian.


Eguzkiak polito jotzen du, ezta?


Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, geratu barik gora.


Urkiolako errebuelten antza du honek be. Aupa Marije!


Uxue, Eneritz eta Mari Karmen sasoian daude.


Nekatuta, baina ixildu ezinik.


Makina bat euli-mando eduki zituen gure astotxuak. "astotxoak, gure astotxoak, astotxoak, arrantzarik ez, ..."


Auzokoa baserria, Auzokoa tabernako Edu eta Piliren txapelan Auzokoa jartzen du, hau bai kasualitatea.


Oiz mendia gure begien aurrean.


Zeintzuk dira mendi horiek, Durango mendiak?


Ajuriatik Okarantzako bidea, zoragarria!


"Txorien Bartoloa" azelgak zaintzen; ziazerbak esan beharko nuke?


Atxelipera heldu eta mahaia prest, lora eta guzti.


Gure sukaldari partikularrak jo eta su lanean.


Zer dago jateko? tortillak, piperrak, gazta, txistorra, ...


Mar de Frades albariñoak izotz gehitxoago behar du.


Denok Igor Basterretxearen azalpenei adi.


Botellak nola zabaldu? hori izan zen lehenengo azalpena, ...


Zeozergatik dute botellek aho ingurua zabalagoa, zergatik?


Ana Larrañaga enologoa be, beste guztion modura, Igorren azalpenei adi.


Behar duen tenperaturan dugu, itsasontzia agertu da-eta. Bestela ez omen da itsasontzia ikusten.


Albariñoa denon gustukoa izan zen.


Nolako termometroa erabiltzen duten erakutsi zigun Igorrek.


Amaieran Moisesek okasiorako egindako bertsoak abestu genituen. "..., ardo zaharra dastatuz, aittuen antzera, ..."


Batzuk mahaian eserita, beste batzuk sukalde ondoan eta besteren bat barra ondoan, baina denok kantuz. "..., Muxika, Gorozika eta Ibarruri, gaur egun hirurak bat, lehenau hiru uri. ..."


"Zugastieta, Esturo, Ibarruri gero; Burdariasen gora, eguzkia bero!!! ..."


"Udako solstizio madarikatua, laino bako eguna, a ze pekatua! ..."


..., Berbalagunekoek halan eskatuta. Baten bat egongo da ondo kezkatuta."


"Ramon Bilbaori eskertuz goxoa dago ta, ..."


"Gaur badaukagu nori "zorionak" opa. ..."


"... Jaso danok batera baso edo kopa, eta Ana Marigaz egin daigun topa! "


"Ana Marik hartu dauz, gure uste onak. Bere eguna da ta bihotzez emonak. Berandu heldu jakuz beste baten sonak, ez dakit nor dan baina Dabit zorionak"






"Kulo" eman genien Mar de Frades, Cruz de Alba eta Ramon Bilbao ardo zurien botellei. Eskerrik asko Ramon Bilbaori eta, batez ere, zuri Igor. Datorren urtean gehiago eta, ahal bada, hobeto.

2011/06/24

Mendi irteera eta ardo dastaketa 25ean

Zapatuan, 25ean, ikasturteko azken mendi irteera egingo dugu. Trenez joango gara Zugastietaraino eta han hasiko dugu gure 13 kmko ibilbidea. Ostean, ordu bata aldera, Ariatzako Atxelipe txokoan Ramon Bilbao ardoen gaineko azalpenak emango dizkigu Igor Basterretxeak.

Parte hartu gura duenak eman dezala izena AEKn edo Udal Euskaltegian.


Gure eguraldi-gizona oporretan daukagu, baina badakigu eguraldi zoragarria egingo duela. Beraz, ez geratu etxean. Erdu gurekin eta astindu mingaina!

2011/06/20

Mendi irteera 25ean eta Euskal Erromeria 24an

Hemen ekainaren 24an eta 25ean egingo ditugunak:


24an "Euskal Erromeria" San
Juan Ibarran, 7,30etan.
25ean Mendi irteera Zugastietan
hasi eta Ibarruriko Burdariasetik Ariatzaraino, 13 km.

Ostean,Ramon Bilbaoren ardo dastaketa Atxelipe txokoan.


Erdu gurekin!


2011/06/14

I. Mihiluze txapelketa Gernika-Lumon

Ekainaren 18an izango da I. Mihiluze txapelketa Gernika-Lumon. 16 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte. Elai-Alai aretoan egingo da goizeko 11:00etan hasita.

Mihiluze jokoa eta galderak prestatzeko Gernika-Lumora eta Busturialdera egokitzen saiatuko gara, bertoko berbak erabiliz, gure altxorrak hartuz eta jolaserako baliatuko ditugu. Telebistan egiten dituzten probetatik ia denak sartuko ditugu fase desberdinetan.

Mihiluze telebista saioa egiten dutenen onespena dugu eta saioaren beraren elementuak erabiltzeko baimena ere.

Lehenengo hiru bikoteentzat sari onak izango dira, baina bikote guztiek eramango dute saria etxera, kamisetak eta Mihiluze jokoa.

Txapelketaren aurkezpena egin genuen maiatzaren 30ean.

Bikote parte-hartzaileek erabiliko dituzten atriletan egin genuen aurkezpena.

Sariak ikusgai ditugu Bikaña altzari dendan. Lehenengo saria Zita Emperatrizen asteburu bat Ekuador Bidaiak oparituta. Bigarren saria Urdaibaiko produktuekin otzara bi Zimela jatetxeak oparituta. Hirugarren saria Zetazeoak ikusteko ibilaldia itsasontziz Madariaga Dorretxeak, Biodibertsitate Zentroak oparituta.

2011/06/11

Bernardo Atxagarekin solasaldia

Bernardo Atxaga entzuteko gogoz hurbildu zen jendea kultur etxeko erakusketa aretora, hirurogei lagunetik gora. Idazleak jaso zuen galdera zaparrada entzunda, agerian geratu zen ikasturte honetarako irakurtzeko proposatu genuen "Zazpi Etxe Frantzian" liburua, gehienok behintzat, irakurri duguna.

Ikus-entzuleen esanetan ohorea eta luxua izan zen guretzat halako maila duen idazlea gure artean izatea. Hurbil-hurbil sentitu genuen. Erraz eta argi azaltzen daki kontatu nahi duena, etorri handiko gizona.

Denon jakin-nahiak asetu ondoren, liburuak sinatzeko tartetxo bat izan genuen eta bere berbek gure barruan ez ezik esku artean ere bere autografoa eraman ahal izan genuen etxera.

liburuak sinatzen



Oharra: Hurrengo ikasturtean, irakurtzeko libururen bat edo idazleren bat proposatu gura baduzue proposatu eta gehienon gustuko idazlea aukeratuko dugu.