2010/07/28

Amantalak hasi eta amaitu

Bai, bai, ekainean hasitako ikastaroa uztailean amaitu da. Hogeita bi lagun inguruk jostorratza dantzan ibili dugu nahi izan dugun moduko amantala josi arte. Harro baino harroago erakutsiko dugu geuk egindako lana; dotoreagoak beharbada egongo dira baina gurealakorik ez.

Hona hemen ikastaroko argazki batzuk:
Irakasleen aginduetara lehenengo egunean modeloa aukeratu, oihala moztu eta ....
... bainikak egiteko hariak ateratzen ibili ginen.
Hariak atera eta berriketa gozoan batzuk, galdetu bestela Murieli, Saioari, Junkali eta Maitzari.
Irakasleak adi, nork zer galdetuko, erantzuteko prest. Oihalaren kolorea ere norberaren gustuaren araberakoa: urdina, berdea, zuria, granatea, ...
Hemen ikasle aurreratuenak bainikak egiteko txuleta eta guzti. Bego eta Xiomara den-dena kontrolpean duzue? Zuok behintzat amantala atoan egingo duzue...!
Azken egunean, hondartzara joan ez zirenek, Iparragirre bera ere inbiditan ipini zuten, eurek egindako amantalak kale erdian ikusgai jarri zituztenean. (Seguruenik amantalei buruz ari da kantuan) Izan ere horiek bai amantalak, horiek! Onenak zarete.

2010/07/11

"Ardo eta olio dastaketa"

Azkeneko lau urteotan egin dugun moduan Ramon Bilbaoren ardoak dastatu genituen pasa den larunbatean.
Aurton, lehenengo aldiz olio dastaketa ere egin dugu. Lau olio edan eta ogiarekin dastatu ondoren, euren arteko desberdintasunak zehaztu genituen. Gauza bitxia izan zen, ez gaude horretara ohituta, baina denon gustukoa izan zen. Dastatutako lau olioetatik gehien gustatu zitzaiguna Vianakoa izan zen, zergatik ote?
Hauek izan ziren dastatutako olioak: Huelvako Jabugoa, Vianako Ortigosa eta Toledoko beste bi Arbequina eta Picado azeituna motako olioak.


Olioaren ostean Ramon Bilbaoren Mar de Frades Albariñoaren txanda heldu zen. Hara Igor Bastek nolako boteila luzea ekarri zigun, litro eta erdiko "pijama".


Gernikan Ramon Bilbaoren etiketa berria ikusten geu izan omen ginen lehenak. Kriantza eta erreserba dastatu ondoren, gustuak gustu! batzuen gusturako kriantza hobea zen.

Nahiko jan eta edan ostean kantuan aritu behar, ezta?
Moises Enbeitak egindako bertsoetariko bat: Ramon Bilbao dastatuz, "txarra be ez dago ta"!, etorkizun onena, nahi dautsagu opa. Jasoz danok batera, eskuetan kopa, arbasoen omenez egin daigun topa.

2010/07/08

"Ardo eta olio dastaketa"

Zapatuan, 13:00etan "Ardo eta olio dastaketa" egingo dugu Harizpe elkartean. Ramon Bilbaoren ardoak, Mar de Frades albariñoa eta hiru olio klase dastatuko ditugu. Joan nahi duenak aurretiaz izena eman beharko du AEKn edo Aita Villasante Udal Euskaltegian, 6 euro ordaindu beharko da.
Animatu eta eman izena lehenbailehen.



2010/07/02

Ekaineko "Ezetz Jakin" lehiaketako irabazlea

Ikasturte honetako azkena izan da ekaineko lehiaketa. 77 izan dira parte hartu dutenak eta zozketa eginda Busturiko Larraitz Ibarguengoitiari tokatu zaio Alboka jatetxeak eman duen saria, bi lagunentzako afaria.

Saria jasotzeko unean ateratako argazkian dauzkagu eskumatik hasita AEK-ko Igone Olabarria, Larraitz Ibarguengoitia irabazlea Maren alabarekin, Karmele Arrasate eta Derek Zarandona Alboka jatetxeko ama-semeak, Udal Euskaltegiko Joana Barandika, Busturialdean Euskaraz Bizi taldeko Kepa Karakuel eta Berbalaguneko dinamizatzailea den Pili Ibarra.
Honelako oroigarria jaso du irabazleak.