Pages

2009/05/18

Gernika-Sukarrieta-Katillotxu-Gernika

Oraingoan gustuko eguraldia izan genuen, lainotuta hasieran, baina eguerdirako majo berotu zuen. Hogeita sei lagun batu ginen eta giro ezin hobean egin genuen txangoa.
Bederatzietan irten eta ordu bietarako bueltan izan ginen.

Makinatxo bat argazki atera genuen, baina denak ezin ditugu hemen jarri. Beraz, aukeraketa eginda hona hemen 38 argazki:
Taldearen argazkia itsasoaren gainean. Iluntxo atera zaigu, ezta?

Itsasoa behean utzi eta bagoaz gorantz. Ekin Jabi eta Jose Luis!

Itsasoa ez genuen bistatik galdu. Laidako hondartza geure begien aurrean.

Mundu hau gaizki banatuta dago, batzuk lanean eta beste batzuk, ostera, parrandan.
Igoten hasi eta lehenengo geldialdia tokatzen da, Alvarito eta Orkon zer da hortik ikusten dena?
Ea nork dakien etarte horretan dauden tresnak zer diren eta zertarako.
Bigarren geldialdia, hortik ez dakit bada, ezer ikusten den. Itzalpean egotearren geratuko zen taldea.

Ene, erraz-erraz heldu gara Katillotxu gainera eta hau ustekabea, han dauzkagu beste berbalagun batzuk gure zain.
Zer jartzen du hor Jon Mikel, Dolmenak aurkitu dituztela hor goian, ezta? Indusketa lanak egiten ba omen dabiltza.

Han atzean Izaro.

Jakinduria trukatzen ari dira hauek.
Jose Luisek dio txorien behaketa Montorrek eta Urretxindorrak egiten dutela. Honek bai jakin, zeozergatik da Montorreko zuzendaria.

Anak dio Bang-bang, txiki-txiki, bang-bang abestia Gatibu taldearena dela, egia da?
Zuen ostean Izaro uhartea duzue, badakizue Izaroko frailearen istorioa?
Bazan Izaron komentu bat, fraile komentu bat, Laida eta Laga artean. Bertako frailea Antzorako neska bategaz maitemindu zan eta gauero gauero joaten zan uger neskatoa ikustera. Nondik nora joan behar eban jakiteko neskatoak argia ipinten eutson etxeko leihoan eta argi horrek gidatzen eban frailea. .../...
.../...
Neskatoa ikusi eta beragaz egon ondoren, ostabere uger itzultzen zan komentura. Denboragaz familiakoak konturatu egin ziran eta ez eben euren erlazinoa ontzat hartu. Behin eguraldi txarra egoan gaba batean, frailea neskatoarengana etorrela ikusi ebenean neskatoari leihoko argia kenduarazo eutsoen.
Argiagaz batera joan zan gure frailearen iparra. Hara eta hona ibili zan uger, nora jo ez ekiala eta galdu eta ito egin zan.
Hamaiketakoaren ordua heldu da, zuk zer ekarri duzu Pedro? eman apur bat.
Orkonek ez du ezer jaten, ala? Emaiozue zeozer, aspaldion argaldu egin da-eta.

Tontorrean gaude ezta Torre?
Norak-eta leku ederra topatu dute antza.
Esan bi horiei zertarako erabiltzen zen etxetxu hori. Nork daki zertarako zen?

Hemen karakola eta barea, zein ote da hobea?
Gure gidariak bata aurrean eta bestea atzean joaten dira beti, zertan ote dabiltza biak batera?
Hara hor lau eskirol, nora ote doaz geu utzi eta eurak atajua hartuta? Elena, Orkon, Alvarito eta nor da laugarrena? Bueltako billetea ez ordaintzearren zoazte oinez, ezta?
Bermeoko Demiku auzorantza goaz.
Aupa Pedro!

Demikuko ermita aurrean geldiunetxoa berriro.
Mendira irteera egin dugu, baina itsasoa bistatik galdu barik.
Paraje ederrak dauzkagu inguruan gero!
Kepa Enbeita "Urretxindorra"k Izaro uharteari egindako bertsoak:
1.- Izaro ugartea/ Izaro, Izaro! / Laidatik hur-hurrian/ Luzaro, luzaro/ Itsasoen altzoan/ aske ta gozaro/ inoiz gogaitu barik/ beti hantxe dago.

Bigarren bertsoa: Goian zerua eta/ behian itsasoa/ Honek damotsolarik/ besarka gozoa/ Bera da ugazaba/ bera gurasoa/ Beti aske bizi dan/ Zorionekoa.
Hirugarren bertsoa: Urteak igaro ta/ urteak igaro/ Ez zahartu ez gaztetu/ sen batean dago/ zirkinik egin barik/ harago ez honago/ gaurko gizonok baino/ zerbait sendoago.
Laugarren bertsoa: Han dago, gau ta egun/ begira Laidari/ baita udan Laidara/ duazan danari./ Bera da jagolia/ bera zinaldari/ nor zelan ibiltzen dan/ itaundu berari.
Mundakako Santa Kataliñara heldu gara.
Kristobal Kolon estatua mugitu egin dute, ala?
Maitek eta Pedrok aurreskua egin ziguten. "Hankie gora, ointxuak eta, saltoa eta bueltie, ..."
Horiekin txapelketa egin genuen, kulturilla apur bat: Non dago Ogoño galdetu eta hara, gehienek jakin zuten non dagoen, baina Jon Mikelek eta Anik ez.
Goiza mendian eman ondoren, trena hartuta etxera itzuli behar.
Zer mutilek, izerdirik bota duzue bada? Txoritxu batek esan dit bateren bati Sukarrietako makinan geratu zitzaiola atera genuen txarteletariko bat, eta gero Gernikan irten ezinik egon zela, egia da?
Juantxuk badaki non jarri, bai horixe!
Ez daukazue jezartzeko lekurik, ala? Zer ondo pasatu duzue? Hurrengoa badakizue noiz den, ezta? "Txiki"k esan du ekainaren 20an izan behar dela. Aterako ditugu kartelak.
Oharra: argazki gehiago nahi duenak eska diezazkiola BERBALAGUN dinamizatzaileari.

1 comentario:

Aniceto dijo...

Egun bikaina benetan be Katillotxutik inguruak ikusteko, eta euskeraz berbaz une gozoak pasatzeko; tarteka informazio berriaz jazteko ere bai. Han egin genituen Atxagaren behi euskaldunak be lagun.
Ogoño non dagoen ez ei dakite Jon Mikelek eta Anik. Despistatuta harrapatu dituzu, andereño, baina batekoagaitik ez zigortu,eh! Eta Izaroko prailearen istorioari ea norbaitek amaiera aldatzen dion, apur bat erromantikoagoa edo.
Nor zelan ibiltzen den galdetu berari diño Urretxindorrak. Berak ondo ei daki euskaldun berbalarien berri ere. Ani.