Pages

2011/11/18

Eguraldia iragartzen





Bagatoz barriro ere eguraldi kontuak iragartzeko asmotan. Ez dakit luzea egin zaizuen ala ez tarte honetan ez izateak, baina gogoz etorri gara berriro ere. Batzuetan hutsen bat edo beste egin genezake baina meteorologia kontuak horrelakoak dira, eskerrak horri da hain ederra eta xarmangarria, baina uste dut barkatuko didazuela.


Asteburu honetan mendi martxa polita daukagu BERBALAGUNok, zapatuan, Gernikan hasi eta Mundakan amaitzeko. Ibilbide benetan polita Urdaibai inguruetan eta eguraldiak lagunduko digu oraingoan ere.


Gaur ostirala, egun argitsua esnatu zaigu, gauean ihintza edo garo pixka bat egin du. Tenperatura freskoena 8 - 10 gradutan geratu da Gernika-Lumo inguruetan, kostaldean gradu batzuk altuagoa izan da, bertan hego haizearen eragina nabariagoa izan delako. Egun gehiena zeru oskarbiarekin joango da eta atzo baino 3-4 gradu altuagoa tenperatura eguerdi aldean. Eguna pasa ahala hego haizea indartzen joango da eta arratsaldean bufada indartsuak izan genitzake. Haize hori dela eta, hurrengoko gaua ez da hain freskoa izango eta tenperatura epelagoekin esnatuko zaigu larunbata.


Larunbatez, udazkeneko edo udagoineko eguraldi goxoa izango dugu. Herriko haizea goizean goizetik indarrean ibiliko da. Zeruan barikuan baino laino gehiago ikusiko dugu, baina ez digute batere bildurrik emango. 15 -17 graduren bueltan ibiliko da , goizean zeozertxo freskoagoa baina eramangarria, haizeak joten duen unetan fresko sentitu daiteke, baina oinez eta kirola eginez ibiliko garenez ez dugu nabarituko. Praka motzak eta jertse edo sudadera batekin joateko eguna.
Ez dago aitzakiarik gurekin paseotxoa ez egiteko eta bide batez mihina astintzeko.



Igandean ere eguraldi goxoa daukagu aurretik, haizea bareago ibiliko da aurreko egunetan alderatuta, laino gehiago ikusi arren ez dauka euririk egiteko asmorik, laino alferrak izango dira.
Egunaren hotz beroa bezperakoa modukoa izango da, beraz asteburu polita daukagu aurretik eta goza dezagun.



Datorren astea badirudi euri kontuekin hasiko dela astelehena eta asteartea bai behintzat eta tenperatura beherantz egiteko joerarekin, udazkeneko kontuak ekarriko ete dituen.


Gaur zortzi, azaroaren 25 ilberri daukagu, eguraldi kontuak eta ilargiak lotuta egon ote daitezkeen susmoa badago Euskal Herriko ohituretan. Propòsatzen dizuet adi egotea zeren baliteke ilberri honek lehenengo elurrak ekartzea 1.000 metrotik gorako gure inguruko mendietan . Adi egon eta esango didazue.


Ez ahaztu asteburu honetan Lizeo Antzokian punta-puntako filmeak dituguna: Umeen orduan TINTIN pelikula berria eta nagusien ordutegian BERTSOLARI pelikula arrakastatsua.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Joseba, asteburuko eguraldia asmatu dozu, baina astelehenekoa ez dakit ba. Euririk ez dausku egin oraindino. Egingo ote dau ba?