Pages

2011/05/14

Asteburuan nolako eguraldia?

Oraingoan larunbaterako eta iganderako baino ez dugu iragarriko.


Zapatuan goiz-goizetik zerua lainotsua eta estalia izango dugu. Egun bisuts xamarra izango da, euri xirimiria bizi samar goizean. Goiz partean euri arriskua izango dugu eta eguerdi aldera, baliteke ordu batzuetan ateri antzean joatea, baina arriskua ezin baztertu ba. Tenperaturen beherakada nabaria igarriko dugu eta eguneko tenperatura altuenak ez du 20 gradutako muga gaindituko. Goietan freskoago geratuko da (Nabarniz, Mendata, Ereño, ...), 18 gradu inguruan.


Domekan egun handia baserri giroko tokietan, maiatzaren 15a Isidro Deunaren eguna. Makina bat ospakizun eta ekitaldi izango dira gure inguruko herrietan (Ajangiz, Murueta, Nabarniz, Muxika, ...) Zeruari eta eguraldiari begira egongo dira toki askotan. Badirudi eguraldiak egonkortzeko joera hartuko duela, bezperan baino euri gutxiago egingo du, baina arriskua guztiz baztertu barik.


Goizeko lehen orduan zipriztin bat edo lanbro apurren bat egiten badu, ez gaitezen harritu. Ez dirudi askorik botako duenik eta eguerdiaren ordu gehienetan aterri eutsiko dio. Tenperaturak freskotik joango dira eta jertse edo sudaderaren premia izan genezake. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da fin xamar eta 17 gradutik gora tenperaturek ez dutela igoko ematen du.


Asteburu fresko xamar baten aurrean gaudela dirudi, eta hondartza kontuak beste baterako utziko ditugulakoan nago. Ez gaitezen atsekabetu eta goza dezagun dagoenarekin; gauza guztiek bere xarma dute, ez dago eguraldi txarrik, norberak bilatu behar du gauza guztien sekretua.

No hay comentarios: