Pages

2011/05/06

Astebururako eguraldia





Bueltan etorri gara oporretatik, eta hementxe gara gure asteroko zitarekin. Zelan joan dira zuen oporrak? eguraldiarekin ezin kexatu? KORRIKA ere pasatu zan gure eskualdetik. Arin -aringarik egin zenuten? Jendetza hurbildu zen eta parte hartze galanta izan zen. Busturialdea betiko moduan fin eta KORRIKArekin bat.

Utz ditzagun Aste Santuko kontuak eta ekin diezaiogun eguraldi kontuari. Aste hau nahiko aldakor joan zaigu , udaberriko giro peto - petoarekin. Goizak nahiko argi joan zaizkigu, baina arratsaldeetan trumoiek errementatzen izan dute zaparredaren bat edo beste utziaz. Gure eskualdean bota du euririk gehien, 40 bat litro bataz beste; ez da gure ingurumaria ekaitzetarako lekurik aproposena, baina aspaldi honetan erraz ari dira inguratzen lainotzarrok.

Gaur ostirala, hego haize edo herriko haizearekin esnatu gara, bizi xamar une batzuetan. Tenperaturak epeletik dabiltza 22- 23 bitartean. Goi lainoek estaltzen dute zerua eta eguzkia begi bistan izan arren, motel dago. Arratsalderako, baliteke goi laino horiek garatzen joatea eta danbarradaren bat edo beste entzutea. Ez dirudi ekaitz beldurgarririk izango dugunik baina beti adi egon behar; ekaitzak nahiko sakabanatuak izango dira eta alde handia egon daiteke leku batetik bestera km gutxiren barruan. Adibidez, Mendatan zaparrada bota eta hemen Gernikan tanta solteren bat baino ez. Ekaitzen kapritxoak.

Bihar zapatua, aroak gehiago desegonkortzeko joera hartuko du. Fisterre ipar aldean dagoen zurrunbilo sakonak, frente bat bidaltzekotan da aire hotza sartuaz goi geruzetan, orduan goizean goizetik laino gehiago eta zaparradaren bat edo beste bota dezake. Arratsalderako zaparradak ugari daitezke trumoi eta tximistekin. Ez da egun euritsua izango baina aterkia aldean eraman beharko dugu. Tenperaturek behera apur bat egin ditzake baina ez da nabarmena izango.
Larunbat aldakorra hitz batean laburtzeko.


Igandea, Bizkargin egun handia. Makina bat lagun izango da eguna pasatzera jai giroan. Eguraldia lagun izango dugu, ostarte politak izango dira egun guztian zehar eta ekaitz arriskua baztertu beharko dugu. Gure parean jarriko dan antizikloitxo batek babesa emango digu, egun lasai eta goxoa emanaz.
Aurten Bizkargira ez joateko ez daukazue aitzakirik, eguraldi aldetik behintzat. Hartu hartu beharrekoa eta denok mendian gora ttipi - ttapa. Kirola eta jai giro euskalduna Bizkargin. Igandean danok Bizkargira!

Maiatzaren hasiera honetan, a ze kolore festa daukagun gure baso eta zelaietan. Zelai berde berdeak, musker kolorea pil-pilean. Udaberriaren bihotz - bihotzean gaude gure animoak eta arimak berpiztuz.

Gora udaberria! Gora Bizkargi! eta gora BERBALAGUN!

1 comentario:

Anónimo dijo...

Agertu zara, orduan, Joseba. Gainera albiste onakaz, batez be Bizkagi egunerako. Eta amaitzeko udaberriaren deskribapen poetikoa. Hori da trebezia, hori. Bihar arte. Ani.