Pages

2011/03/11

Asteburuko eguraldia iragartzen

Gaur barikua da eta, astero egiten dugun legez, asteburuko eguraldi iragarpena emateko prest gaude.

Zelan pasa dituzue aurtengo karnabalak? Mozorrotu zarete?


Urterik urtera indar handiagoa hartzen ari dira Gernikako aratusteak eta gero eta parte hartze handiagoa nabaritzen da, aurton gainera eguraldia lagun izan dugu. Ezin izan gara kexatu aurtengoan, badaki bestelakoa egiten eta.
Aurreko asteazkenetik, Garizuma aldian bete betean sartuta gaude.

Zelan joango zaigu ba eguraldia hurrengo egunetan?

Aste honetan eguraldi bikaina izan dogu, udaberri girokoa. Neguan gaude oraindik, pentsatu ez arren. Hilaren 21ean emango diogu lekukoa Udaberriari. Gaur Ostiralez, oraindik ere egun eguskitsuarekin jarraituko dogu, tenperatura epelak eta eguzkia begi bistan. Goizeko lehen orduetan gandu eta behe laino apurren bat izan dugu, baina argitu du dagoeneko. Arratsaldean hego haizea, edo herriko haizea igartzen joango gara, baina enbarazu handirik gabe. Beraz, eguraldi ona gaurkoa.

Bihar zapatuz, aldaketak igarriko ditugu. Zeru zapaiari begiradatxoa eginez gero, laino gehiago ikusiko ditugu. Herriko haizea harro ibiliko da unada batzuetan, eta baleike zipriztinen bat edo beste botatzea, baina egun gehiena sikutik joango da. Tenperatura aldetik, epeletik joango da. Eguneko altuenak 15-16 gradu bitartean eta gauetan aurreko egunetakoak baino epelagoak izango ditugu.

Domekan edo igandean, aroa gehiago desegonkortuko zaigu. Depresio guneak gure gainean jartzekotan dira. Baten batek barometroa etxean izanez gero konturatuko da beherantz egin duela presioak. Larunbatez baino laino gehiago ikusiko ditugu eta ez da harritzekoa izango zaparrada txikiren bat edo beste egitea. Ez da egun euritsua izango, baina ezin fidatu. Lainoak hego mendebaldetik hurreratuko zaizkigu, tenperaturak apur bat jaitsiz baina aldaketa handi barik. Haizea bare xamar ibiliko, arratsaldean apur bat bizituz.

Orokorrean asteburuan laino gehiago izango ditugu, zipristinen bat edo beste unadaren baten baina okertze handi barik. Tenperatura goxoak eta hego haizea harro momenturen baten. Orduan, paseoan joateko moduan bagaude, eraman aterki txikiren bat badaezpada.

Datorren astea eguraldi nahasiarekin hastekotan da. Asteartean edo martitzenean orduan, euria dezente egitekotan arratsaldetik aurrera, asteazkena ere hartuz. Hurrengo egunak ere euri kontuak izatekotan dira ipar haizea muturra sartu nahian, udabarri hasiera kaskar baten seinale?

KOARTA DENBORAK

Parketeetako zuhaixkak bizten hasiak daude, adibidez Pasealekuko sarreran dagoen Magnolio ederra loretan daukagu. Gogoratu tenporatan sinisten baduzue, datorren astean udabarriko tenporak ditugula. Asteazkena 16, ostirala 18 eta larunbata 20ko eguraldiari erreparatu beharko diogu hurrengo hileetan izango dugun eguraldia jakiteko. Beraz, apuntatu eta etxeko lanak badituzue kontuan izan.
Egia ote da tenpora kontu hori? Aintzinako baserritarrek fedea zuten horiengan. Zergatik ote?
Beste barik, hurrengo astean gehiago izango duzue.

No hay comentarios: