Pages

2011/03/23

Joseba Andoni, eguraldi iragarlea





Zelan joan zen zapatuko mendi irteera?


Arrakastatsua izan zela esan dezakegu. Jende asko animatu zen eta hori poztekoa da. Goiza ostarte zabalekin esnatu zitzaigun baina eguerdialdera lainotu eta zipristin batzuk bota zituen baina ez mendi irteera ondatzeko lain. Hurrengo mendi irteerek ere bere eguraldi iragarpen zehatza izango dute, orduan badakizue, ostiralero sar zaitezte gure web orrialdera eta informazio zehatz zehatza eta zuzenekoa izango duzue.



Aurreko astean koarta denporak izan ziren. Nondik nora eta zelako eguraldia izan genuen? Kontuan hartu duzue?


Asteazkena egun euritsua izan zen. Iparmendebal haizea harro ibili zitzaigun eta tenperatura freskoekin. Bariku eta zapatua nahiko sikutik joan zitzaigun ekialdeko haize leunaz tenperatura goxoekin. Orduan antza denez, udaberriaren hasiera euritik joango dela dirudi. Udaberriaren azken 2 herenak sikutik joango ote zaizkigu? Utz ditzagun kontu horiek koarta denporetan aditu den Pello Zabala Arantzakuko fraile ezagunari.



Asteburarako planik badaukazue Busturialde mailan? hemen daukazue egunez eguneko iragarpen txiki hau:


Gaur osteguna, haizea harro ibili zaigu, tarteka bolada indartsuekin. Tenperatura nahiko epela izan dugu, 16 -17 gradu bitartekoa Gernikan eguerdi partean. Goietan haize hau ez da goxoa izaten. Tenperatura 13-14 gradu bitartean izan dugu, Nabarniz, Mendata (Urrutxu) 350 metro eta 400 bitartean, baina haize harro honekin sentsazio termikoa askoz ere hotzagoa da. Euri zipriztinen bat bota omen du baina ez da izan lurrik buztitzeko bestekoa .



Bihar barikuz haizea lasaitu egingo zaigu, ez da hizpide izango. Ostarte zabalekin pasako dugu goiza. Goi lainoak ere bistan izango ditugu baina beldur handi barik. Arratsaldean, agian laino gehiago egon daiteke mendi inguruetan eta baliteke tantaren bat edo beste botatzea baina ezer gutxi, udaberri beteko eguraldia. Gogoratu, martxoaren 21 ean sartu ginela aro berri honetan eguna hasi eta 21 bat minutura, hain zuzen ere


Zapatuan, antzeko eguraldia izango dugu, barikukoaren tankerakoa. Hori bai, arratsaldean giro desegonkorragoa izango dugu. Aire hotza sartuko da goiko geruzetan, eta oraingo udaberriko eguzkia gero eta tenteagoa dagoenez, lur azala berotu eta aire hotzarekin nahasterakoan lainoak sortzen dira mendi inguruetan zaparradaren bat edo beste botaz, trumoi itxurakoak. Laino horiei argazkiak egiteko aukera polita. Cumulo nimbusak altura handiak hartzen dituzte eta hegazkinek ere tentuz ibiltzen dira.


Igandean, guztiz aldatuko zaigu egoera. Aste guztian izan dugun hego haizea iparrera aldatuko zaigu. Frente baten bisita espero dugu goizean zehar, euria utziz. Tenperaturen beherakada nabarmena eta euriarekin batera ez da giro izango. Egun desatsegina egun guztian zehar.


Laburbilduz, zapatua aprobetxatuko dugu gehien bat kaleko kontuak egiteko, domekan euri kontuak datoz eta.


Gogoratu, ez dago eguraldi txarrik bakoitzak bere xarma dauka, eta ez gaitezen kexatu.


Ez ahaztu igandeko ordu bietan hirurak izango direla. Gau -txoriok, parrandarako ordu gutxiago, ezta?

Datorren astera arte.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Orduan ez dago eguraldi txarrik, umorea izanez gero, ezta, Joseba? Ba, berbalagunok hori bodogunez... Bihar arte. Ani.